1- AMERIKAREN KONKISTA ETA ANTOLAKETA
a. “Konkistatzaile handiak” kapituluan XVI. mendean espainiarrek egindako esplorazio eta konkistaz hitz egiten da. Gehienak, 1519 eta 1540 urteen artean. Honez gain, bi konkistatzaile nagusi aipatzen dira eta hauek hartutako lurraldeak ere. Zuk zehaztu informazio hau eta aipatu zein beste konkistatzaile famatu ziren jarduera hartan.
b. “Indien antolaketa” kapituluan Espainiako monarkiak Indietan (Ameriketan) egindakoa aipatzen da. Hasi izenaren ezarkuntzarekin eta amaitu organismo edo erakunde ezberdinen antolakuntzekin. Zuri erakunde horiek aipatzea eta euren helburuak zehaztea dagokizu.
c. “Ustiapen ekonomikoa” kapituluan espainiarrek antolatu zuten jarduera ekonomiko nagusiaz hitz egiten da, eta zein lan eredu ezarri zuten Ameriketan. Zuk zehaztu zein jarduera izan zen nagusi eta zer ekoiztu zen. Bestetik, encomienda izeneko sistema landu. Horretarako begiratu 38. orrialdeko hiztegia. Gogoratu, enkomienda delakoak zerikusi handi duela Erdi Aroko basailutzarekin (enkomienda tituludunak nobleak izango balira bezala jarduten zuten eta indiarrak jopuak balira).
2- EKONOMIAKO ETA GIZARTEKO ALDAKETAK
a. “Aldaketa ekonomikoak” kapitulua Europan, XVI. mendean, bilakatu ziren sektore ekonomikoei buruz mintzatzen da. Nekazaritza, merkataritza, artisautza... Aspalditik, nekazaritza zen sektore nagusia eta ekonomiaren zutabea. Baina Mundu Berriaren aurkikuntzak beste sektore batzuk indartu zituen: merkataritza eta artisautza. Zuri hiru sektore horiek zehaztea dagokizu. Eta merkataritzaren inguruan ari zarela, landu Mediterraneoko eta Ozeanoz bestaldeko (Atlantikoa, Indikoa) trukeen ezaugarriak.
b. “Hasierako kapitalismoa” kapituluan Europako ekonomiako garapenaren ondorioaz hitz egiten da, batez ere Europara barra-barra iritsi ziren metalek (urrea, zilarra) eragindakoa. Ekonomiako ondorio horri hasierako kapitalismoa deitzen zaio. Kapitala norbaitek duen diru- edo ondasun-multzoa da. Gure kasuan, metal preziatuen (urre eta zilarraren) pilaketan oinarritzen den aberastasuna da. Gaur egungo sistema kapitalista orduko gertakizun hartan oinarritzen da. Baina nola funtzionatu zuen Europak garai hartan?
Burges bankariek (kapitalen jabeek) merkatariei maileguak (kredituak) eman eta interesak eskatzen zizkieten, era horretan gehiago aberastu zirelarik. Merkatariek itsasoz bestaldeko merkataritzan jarduten zuten, Europako salgaiak Ameriketara edo Asiara eramanez eta hangoak Europara ekarriz. Lortutako diruarekin, mailegua eta bere interesak ordaindu eta etekin bat lortzen zuten. Merkatariak ere aberastu ziren merkataritza mota honetan. Negozio honetan, aspaldiko kreditu eta ordainketa moduak erabili ziren: zor-agiria, ganbio-letra (Erdi Aroa). Azaldu zehatzago zertan ziren modu hauek. Baina beste finantza tresna berri batzuk sortu ziren: sozietate komanditarioak (merkatari talde bat eta bere kapitalak biltzea itsas bidaia baterako) eta Estatuei (Monarkiei) egindako epe luzerako kreditua (normalean gerrak eta ejertzitoak ordaintzeko).
c. “Gizarteko aldaketak” kapitulua aurkikuntza geografikoek eta kapitalismoak gizarte feudalean sortutako aldaketaz mintzatzen da. Estamentuek berdinak izaten jarraitu zuten: noblezia, kleroa eta herri xehea (burgesia eta eskulangileak). Garapen ekonomiko honek batez ere hirietan eta burgesian izan zuen eragina. Zehaztu zuk zertan eragin zuen burgesian, baina ez ahaztu gizarte talde honek herri xehea izaten jarraitu zuela. Noblezia maila ekonomiko desberdinetako pertsonek osatzen zuten. Zer egin zuten, ordea, aberats berrien (hiriko burgesen) aurrean? Merkatari bihurtu ziren?
Amaitzeko, zer gertatu zen eskulangileekin, nekazariekin? (Esan beharra dago, kapitalismoaren hasierak elikagaien prezioa garestitzea ekarri zuela (prezioen iraultza), eta gertakizun horrek okertu egin zituen nekazarien eta artisauen bizi-baldintzak.)
3- EKONOMIAREN ALDAKETAK. MERKANTILISMOA
a. “Merkataritzaren garapena” kapituluan garapen horren kausa, arrazoi eta ezaugarri batzuk planteatzen dira. Garapenaren kausen artean: batetik, itsasoko nabigazioa (aldi berean arrazoi ezberdinengatik garatu zelarik: itsasontzi motak, kartografia –Marcator mapa- eta haize zein itsas korronteak hobeto ezagutzea). Bestetik, merkataritzaren garapena (hala ere, XVI mendean arrakasta handiagoa, XVII.ean baino). Hemendik aurrera zuk zehaztu zein ibilbide edo merkataritza mota berriak antolatu ziren eta zein ziren salerosten ziren gaiak.
b. “Kapitalismo komertzialaren sorrera” kapitulua bi ezaugarriri buruz mintzatzen da: batetik, konpainiak eta, bestetik, merkataritzako teknika berriak. Lehenengoaren kasuan, Estatuek zona jakin batzuen monopolioa eman zieten (monopolioa: zona batean merkataritzan jarduteko eskubide esklusiboa). Zuk zehaztu zertan ziren merkataritzarako teknika berriak.
c. “Merkantilismoa. Politika ekonomiko berria” kapituluan XVII. mendeko absolutismo politikoari lotu zitzaion merkantilismo ekonomikoaz hitz egiten da. Ondoren merkantilismoa zer den eta zein helburu zuen zehazten da. Garai hartako sinesmen politiko eta ekonomikoa halakoa zen: monarkiaren eta herrialdearen botere eta indarra aberastasunen pilaketan (metalak, jabetzak, ondasunak) oinarritzen zela uste zen. Zuri dagokizu garatzea Europako estatuek praktikan jarri zituzten ekonomi politikak (bullionismoa eta protekzionismoa –herrialde bateko merkataritza eta artisautza “babestea”-). Bigarren kasu honetan, aipagarria da nabigazio-akta (ingelesen merkataritza ingeles ontziek berek egitea, ingelesen lurraldeetan industriagileak eta merkatariak ingelesak baino ez).
No hay comentarios:
Publicar un comentario