1- ESTATU MODERNOAREN SORRERA.
Monarkia autoritarioa landu genuen gelan. Orain lantzeko gelditzen zaizkizun zatiak hauexek dira: “Errege-erregina Katolikoak: batasun dinastikoa eta zabalkundea” eta “Estatu Modernoa ezarri”.
a. “Errege-erregina Katolikoak...” kapitulua: konturatzen bazara, Errege-erregina Katolikoen inguruan informazioa orokorra izaera honetakoa da: lehenbizi, Gaztela eta Aragoiko koroak batu egin ziren. Iberiar Penintsulako beste erreinu edo monarkiak batzeko proiektua izan zuten. Batasunerako pausuak zehaztu behar dituzu zuk. Ondoren, Mediterraneoan (Aragoi) eta Atlantikoan (Gaztela) zabaldu ziren. Begiratu 12. orrialdeko mapa bi prozesu horiek (Penintsulan eta Penintsulatik kanpo) hobe ulertzeko.
b. Hurrengo kapitulua: “Estatu modernoa ezarri”. Testu honek galdera hori erantzun nahi dio: Zein erakunde edo organismo sortu zituzten Errege-erregina Katolikoek, euren aginpide sendotzeko? Erakunde ezberdinak zerrendatzen dira testu honetan, zehazki, monarkiaren botere politikoa, militar, ekonomiko eta erlijiosoa bereganatzeko. Zure lana erakunde edo organismo horiek bereiztea eta laburki zehaztea da. Begiratu 13. orrialdeko hiztegia, azalpenak zehazteko.
2- INPERIO HISPANIKOA
a. “Karlos I.aren politika Espainian” kapituluan, errege honen Espainiara etortzeak zer suposatu zuen eta bere kontseilari atzerritarren (Flandes, gaur egun Holanda-Belgika) erabakiek zein ondorio izan zuten landu behar dituzu. Bi lekutan izandako matxinadak edo erreboltak dira haren ondorioak. Zuk zehaztu. Matxinada horien eraginez, Karlos I.ak erabaki batzuk hartu zituen. Zeintzuk?
b. “Karlos i.aren nazioarteko arazoak” kapitulua: Espainian izandako arazoak (herri matxinadak) konpondu ondoren, nazioartekoak hasi zitzaizkion. Irakurri 16. orrialdeko testu txikia (Protagonistak) eta jakin ahalko duzu bertan zein politika ezarri nahi izan zuen Europan eta munduan. Ondorioz gatazkak sortu edo gatazketan sartu zen. Zuk zerrendatu eta zehaztu arazo edo gatazka horiek.
c. “Felipe II.aren erreinaldia” kapitulua: batez ere Inperioa (Inperio Hispanikoa) matentzeko eta handitzeko nazioartean izan zituen arazoak aipatzen dira. Zuk era zehatzean sailka itzazu zein eta noiz izan ziren arazo edo gatazka horiek.
3- ESPAINIAKO MONARKIA ETA BERE ARAZOAK
Gelan, Inperio Hispanikoaren mugei buruz hitz egin genuen. Inperio konplexua zen. Alde batetik, Espainian bertan, gero nazioarte mailan. Izan ere, kultura, hizkuntza eta legedi ezberdineko lurraldeak kudeatu izan behar baitzituzten espainiar erregeek.
XVII. mendeko erregeak konparatu behar ditugu Karlos I eta Felipe II.arekin. Zentzu horretan, gaitasun gutxiagoko erregeak ziren. Horretxegatik, euren botere absolutua balido edo kontseilari berezien eskutan utzi zuten eta balidoek errege hauen izenean gobernatu zuten.
Arazoen inguruan, batetik, arazo demografikoa: izurriteak, moriskoen kanporaketa, Amerikarako emigrazioa, gerrak; bestetik, arazo ekonomikoak: erregeek eskatutako maileguak edo kredituak pilatu egin ziren eta ezin ordaindurik ibili, Estatua zorretan zegoelako. Nola konpondu? Herri xeheari zergak igoz. Batzutan matxinadak gertatu ziren, protestan. Azkenik, nazioarteko eta barruko gatazkak. Aipatu garrantzitsuenak eta haien zergatiak.
4- ABSOLUTISMOAREN MENDEA
a. “Europako monarkia absolutuak” kapituluan erregetza, monarkia eta estatuaren aginpide edo boterearen handitzeaz hitz egiten da. Ondorioz, Erdi Aroko tradizio politikoa (gorteak, parlamentuak) indargabetu zen. Bestalde, absolutismoaren (autoritarismo absolutua) ezaugarriak aipatzen dira: boterearen jatorria, kokapen geografikoa (zentralizazioa), e. a. Zuri dagokizu zehaztea. Interesgarria absolutismoaren pean nobleziak eta kleroak izan zuten bilakaera.
b. “Frantzia Luis XIV.aren erreinaldian” kapituluan monarkia absolutuen artean ezagunena aipatzen da (Luis XIV.ari Eguzki Erregea deitu zioten), 1589tik aurrera. Aipatzen da, baita ere, zein botere hartu zituen eskutan. Ez da harritzekoa, beraz, errege hark hauxe esatea: Estatua neu naiz. Honez gain, kapituluan beste xehetasun batzuk ematen dira: Gortearen kokapena Parisen eta Frantziaren status edo maila garaiko Europan. Azkenik, europar potentzia hegemonikoa (handiena) bihurtzeko ahaleginean sortu ziren gatazkak gaineratzen dira.
c. “Ingelesen parlamentarismoa” kapituluan Ingalaterran monarkia absolutua ezartzeko gertatu ziren arazoak aipatzen dira. Herrialde honetan, Parlamentuaren boterea handia zuen. Absolutismoaren aldekoak eta parlamentarismoaren aldekoak gatazka batean sartu ziren. Zuk zehaztu zein ziren baten eta besten aldekoak eta zein urtetan gertatu ziren iraultzak. Garrantzitsua da Eskubideen Aldarrikapena eta horrek ekarri zuen sistema politikoa: monarkia parlamentarioa. Zehaztu zer suposatu zuen sistema honek boterearen antolaketan.
d. “Inperio Alemana” kapituluan, Erdi Aroan sortutako Erromatar-Germaniar Inperio Santuaren bilakaeraz hitz egiten da. Inperio honek ez zuen lurralde batasunik izan: lurralde eta printzerri ezberdinek osatzen zuten (batasun bakarra hizkuntza alemana). Begiratu 69. orrialdeko mapa inperio heterogeneoa zer den ulertzeko. Ikusten dituzu puzzle pieza ezberdinak? Egoera nahasi honi katolikoen eta protestanteen arteko istilua gaineratu zitzaion. Zehaztu zuk hau guztia eta ondorioz gertatu zena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario