XVIII. mendeari buruzko lana dela eta, gaizki ulertu batzuk egon dira eta, beraz, dudak daude egin beharreko zereginen inguruan. Azkenean, Maria Jesusek eta biok hauxe erabaki dugu, zuen (4A eta 4Bko ikasleen) proposamenak kontuan hartuta:
1- Ez da TEST bat egingo.
2- Ez diozue Maria Jesusi ezer eman behar.
3- Niri igorri behar dizkidazue emailez (korreoz) zuen lanak. Epea: martxoaren 9a, igandea, gaueko 24:00ak arte. Lanak hauexek dira:
a- Taldekide bakoitzak bere gaiaren laburpena igorriko du korreoz. Badakit talde batzuetan lan bakar bat duzuela idatzita. Berdin da. Bakoitzak bere laburpena igorri behar du (batzuei material hori falta bazaizue, laburpenaren kopia egin (orrialde erdia, 15 bat lerro) eta igorri emailez.
b- Taldekide bakoitzak, hau da ikasle bakoitzak, XVIII. mendeari buruzko iruzkin bat igorriko du korreoz. Horretarako, "Aldaketen denbora", "Espainiako XVIII. mendea" eta "Euskadi XVIII. mendean" gaien lan eskemak edo laburpenak lortu behar dituzue eta iruzkin orokorra landu. Talde batzutan, laukoteetan, lau gai landu behar ziren ("Nazioarteko harremanak eta Arte neoklasikoa"). Kasu horietan, laugarren gaia ere sartu behar da iruzkinean. Lan hau orrialde betean (30-40 lerro) egin behar da eta korreoz igorri.
2008/03/05
XVIII. MENDEA: ILUSTRAZIOA ETA BORBOIAK >> (4A eta 4B)
Publicado por
Horazio
en
18:46
0
comentarios
2008/02/21
TESTU HISTORIKO BATEN IRUZKINA
1- Sarrera eta aurkezpena
Honezkero jabetu zaren bezala, Historia testuetan oinarritzen da. Gure aurrekoek idatzita utzitako testuak dira, eta guk garai hartako gertakizun eta bizimoduak jakiteko irakurtzen ditugu. Horretxegatik deitzen diegu TESTU HISTORIKOAK, Historiaz zerbait erakusten digulako.
- Baina, testu historiko guztiak berdinak al dira?
- Ez.
a. Testu historikoa LEHEN MAILAKO ITURRIA (edo dokumentua) da, erakusten duen garai historikoan bertan idatzita badago.
b. Testu historikoa BIGARREN MAILAKO ITURRIA (edo dokumentua) da, erakusten duen garai historikoari buruzkoa beranduago idatzita baldin badago (adib.: “Arrosaren izena”).
Konplikatu samarra dirudi, baina praktikak lagunduko digu iturrien arteko bereizketa egiten. Galde daitekeena zera da:
- Baina zertarako jakin nahi dut nik zein iturri mota den, zertarako balio du horrek?
- Garrantzi handia dauka dokumentu edo iturrien artean bereizteak. Ez baita berdin gertakizunen ikuslea edo lekukoa izatea ala besteen ahotik edo esanetik kontatzea, ez da berdin gertakizun batek gugan eragitea ala ez, ikusten ari naizena kontatzea ala besteek esandakoa…
- Lehen hiruhilekoan ikusi genuen filma, "Arrosaren izena", zer da? Lehen mailako iturria ala bigarren mailakoa?
Behin iturri mota erabaki ezkero, ikus dezagun zer egin behar den edozein testurekin.
Publicado por
Horazio
en
21:12
0
comentarios
2008/01/28
MAPA HISTORIKOAREN IRUZKINA
as
Mapa historikoa aztertzeko prozedura hau proposatzen zaizu.
MARKO HISTORIKOA
1. Lehen urratsa: mapan agertu edo irudikatzen den espazio fisikoa (lurraldeak) mugatu. Galdera: mapan zein eremu geografiko irudikatzen da?
2. Bigarren urratsa: mendea, aroa eta, ahal bada, urtea adierazi. Urrats honetan ere, agintarien edo giza taldeen aipamena gainera daiteke. Galdera: mapan zein denbora irudikatzen da?
LEGENDA AZTERTU
3. Hirugarren urratsa: maparen alboan, ezkerretan edo eskuinetan kokatzen den legendako sinboloak zehaztu (koloreak, forma ezberdinak, geziak eta beren koloreak, e. a.). Galdera: zein informazio ematen dute kolore, sinbolo eta geziek?
GAIA LANDU
4. Laugarren urratsa: izenburua kontuan izanda, mapan irudikatzen diren gaia eta edukiak aztertu. Galdera: mapa historiko honek zein gai eta gertakizun irudikatzen ditu?
EDUKIEN AZALPENA (azalpen testua)
5. Azken urratsa: maparen edukiak azaltzea da helburua. Testu bat idatzi aurreko urratsetan egindako azterketaren ondoren, "bost emaginak" erabiliz: non/noiz, zer/nork, nola, zergatik, zertarako.
Publicado por
Horazio
en
19:18
0
comentarios
2008/01/05
HISTORIA ETA KAZETARITZA
Urtarrilaren hasieran, hiru lan mota burutuko dituzue talde lanean. Taldeetan, kide batzuk blog eta movie maker tresnak erabiliko dituzue eta beste batzuk power pointa. Hauexek dira helburuak. Aurretik, erredaktore talde bakoitzak hiru lanak prestatu eta sarean argitaratuz gelakideei (eta euskal irakurle orori) eskaintzea. Ondoren, XVI. eta XVII. mendeetako gertakizunei buruz bakarkako azterketa bat egitea.
Power point programa erabiltzen ari zaretenok Ekonomia, Gizarte, Politika eta Kulturako gai ezberdinen sinopsi (ideia orokor) eta laburpenak landuko dituzue. Gelan aurkeztu ondoren, dagokizuen blogean argitaratuko dituzue. Power pointa egiteko eredua eta prozedura hemen aurki ditzakezue.
Blog eta movie maker tresnez, historikoak diren "iraganeko berriak" idatziko dituzue eta sarean argitara eman. Bi ezaugarri hauek kontuan hartuta, blogeko eta filmeko testuak kazetarien erara tajutzea proposatzen dizuet.
Kazetariek, beste edozein komunikatzailek bezala, duda eta galdera hauek ohi dituzte buruan, artikulu edo film dokumental bat idazten dutenean: norentzat idazten dugu,
zein da gure hartzailea? Nola antolatu paragrafoak edo irudiak lana ulergarri izan dadin? Zein titular ipini irakurlea erakartzeko? Testuko zein informazio da beste guztien gainetik garrantzitsuena eta deigarriena? Edo beste era batera esanda, irakurleak zein ideia gogoratzea nahi dugu?
Galdera hauek aintzat hartu eta blog zein filmerako zuen testuak berrirakurri, titularra eta sarrera berridazteko.
Publicado por
Horazio
en
19:44
0
comentarios
2008/01/03
HISTORIAKO GAIEN AURKEZPENA GELAN
Power point (ppt) programa erabili eta taldeko laburpenekin aurkezpena prestatu behar duzuenok lerro hauen azpian duzue, filmean, zuen lanerako eredua. Bertan, gaien aurkezpena egiteko prozedura erakusten da pausoz-pauso, gelan emandako fotokopietan proposatu zitzaizuen eran.
SlideShare Link
Publicado por
Horazio
en
1:19
0
comentarios
2008/01/02
TESTU PERIODISTIKOA (2)
2- Sarrera. Izenburuen ondoren “sarreratxoa” deitzen den testuaren atala dator (gaztelaniaz entradilla eta lead ingelesez). Bertan, bost emaginak landuta agertzen dira, baina ordenean aldaketa batekin: berriaren gaia izenburuaren hasieran ipintzen da: "zer" eta "nork" (erreforma protestantea eta Martin Luther).
Erreforma protestantea XVI. mendeko Alemanian sortu zen, Martin Lutherrek latinez idatzitako Disputatio pro declaratione virtutis indulgentiarum argitara eman zuenean, 1517ko urriaren 31ean Wittenberg herrian. “95 tesiak” izenez ezagutzen den dokumentu honetan, Elizaren ustelkeria, Aita Santuaren
autoritatea eta induljentziak kritikatu zituen eta, ondorioz, Erreforma protestantearen abiapuntua suposatu zuen.
3- Artikuluaren gorputza. Sarreraren ondoren, notizia edo berriaren kontakizuna egiten da, eta xehe-xehe kontatu gainera. Testu periodistikoan, atal honi “artikuluaren gorputza” esaten zaio. Hain zuzen, notizia (iraganeko berria) garatzeko erabiltzen den espazioa da.
Espazio honetan ere bost emaginak erabiliko dituzu. Bai, errepikapena dirudi, berriro ere gauza bera egitea, baina sarreran esandakoa garatu beharra dago.
Artikuluaren gorputzean, beraz, gertakizunen garapena egingo duzu. Eta emaginak berriro erabiliz (batez ere, zergatiak –kausak- eta ondorioak), informazio, adibide eta detaileak landuko dituzu artikuluaren atal honetan.
Publicado por
Horazio
en
22:42
0
comentarios
TESTU PERIODISTIKOA (1)
Blogeko artikuluak eta movie makerreko filmak
Blog eta movie makerreko lanetan, iraganeko notizia edo berria landuko duzu, testu periodistikoaren eskema edo antolaketa erabiliz. Testu periodistikoa ere bost emaginen inguruan egituratzen da, euren ordena zertxobait aldatzen bada ere: non-noiz, nor-zer, nola, zergatik (kausa), zertarako (ondorioak). Ikusi irudian, testu periodistikoaren hiruki alderantzikatua.
Zure lanean, azalpen testuaren ezaugarri horiek aintzat hartuko dituzu eta, aldi berean, testu periodistikoaren itxura ere.
Testu periodistikoaren egitura egunkarian ikus daiteke eta film
edo irratsaio batean entzun. Prentsan erabiltzen den bezala, film dokumentaletan ere bai. Grafikoki adierazteko, hauexek dira egituraren atalak: titularra, sarrera eta gorputza.
1- Titularra (izenburuak):a- Aurre-izenburua
(NON/NOIZ edo notiziaren beste elementu osagarriak)
b- Izenburua
(ZER/NORK, artikuluaren sarrera edo lehen paragrafoa laburtzen du)
c- Azpi-izenburua
(Izenburu eta aurre-izenburuan esandakoa zabaltzen du)
Baina nola ipini gure burua kazetari baten paperean, nola eman iraganeko gertakizunei orainekoen narrazio mota? Azken baten, nola informatu eta irakurlea erakarri, irakurtzeko gogoa eman? Imajina ezazu iragan mendeetako gertakizunak (zure kasuan XVI. eta XVII. mendeetakoak) eta saiatu zaitez egunkari edo film dokumental baterako berrien trataera ematen. Esaterako, "Erreforma protestantea" gaiari buruz honako adibide hau plantea daiteke:
1517an, Wittenbergeko elizako ateetan 95 tesiak iltzatuta
Erreforma protestantea Martin Lutherren eskutik jarri zen abian
Aita Santuak eskumikuarekin mehatxatu zuen fraide agustindarra
JARRAIPENA...
Publicado por
Horazio
en
16:25
0
comentarios
AZALPEN TESTUAK EDO ZERGATIAK AZTERTZEKO TESTUAK
Erredakzio talde ezberdineko blogean landuko dituzun testuak azalpen testuak dira, edo beste era batera esanda: “zergatiak aztertzeko testuak”. Testu mota hauek ezaugarri batzuk dituzte eta ezaugarri horiek beroriek hartuko dira kontuan lanen ebaluazioa egiteko.
1- Fenomeno historikoaren deskribapen argia. Deskribapen horren bidez, fenomenoaren aurkezpena egiten da eta bere ezaugarri nagusiak aipatu.
2- Testuaren azken helburua fenomenoaren zergatiak ematea da, ez beste ezer. Zergatien azalpen hori argitasunez egin beharra dago, informazio zehatz eta kontrastatuak emanez (informazioaren kalitatea liburuan edo interneten kontsultatu eta berrikusiz). Testu hauetan ezin da aurkako edo aldeko iritzia zein argudioa planteatu.
3- Horrela, planteatzen dituzun kausa edo zergatiak adibide konkretuez ilustratu behar dira.
4- Testuaren tonua arrazoizkoa izan behar da, irakurlea ez haserretzeko.
5- Egitura garbia eduki behar du. Bi irizpide daude antolaketa honetarako: a- hasieran garrantzi handiko zergatiak (testu periodistikoan bezala); b- testuaren hasieran garrantzi gutxiko zergatiak.
6- Paragrafoak ondo egituratuta, eta koherenteak, hau da, euren artean loturak gordez. Irizpidea hauxe da: ideia edo zergati baten garapena paragrafo batean, beste ideia bat beste paragrafo batean eta abar.
Laburbiltzeko, zergatiak aztertzeko testuak goian sailkatutako ezaugarriak ditu, baina ez ahaztu testu mota honek sakon-sakonean oinarrizko galdera ezagun batzuei erantzuten diela, “bost emaginak”: non/noiz, nor/zer, nolakoa, zergatik eta zertarako.
Publicado por
Horazio
en
15:38
0
comentarios
Etiquetas: Ebaluazio irizpidea, lan teknikak
