Azalpen testua egiteko prozedura bat
Testuaren helburua ez da gaiari buruzko zuen ikuspegia argudiatzea, baizik eta zergatiak eta ondorioak “argitu” eta “ulertaraztea”.
IDAZTEKO LEHEN URRATSA: sarrera
1. Zuen azalpenean “marko historikoa”, garaia, adierazi behar da, eta bere ezaugarri orokorrak eman.
2. Zuen gaiaren xehetasunak “ordenaz” egituratu, sukaldeko errezeta batean bezala. Erabili honelako juntagailuak: jarraian, ondoren…
BIGARREN URRATSA: gaiaren jorratzea
1. “Definizioa” zerbaiten ezaugarri orokorrak biltzen dituen adierazpena da.
2. “Deskribapena”: gaia, pertsonaiak, lekuak deskribatu: gaiaren aurkezpena egin, pertsonaien ezaugarriak eman (euren arteko harremanak), lekuen xehetasunak zehaztu… Erabili honelako juntagailuak: goian, atzean, barruan, inguruan, ondoan, gainean, iparraldean…
3. “Konparaketa, kontrastea”: bi gauzen edo pertsonen berdintasunak edo ezberdintasunak. Juntagailuak: aldi berean, era berean edo ordea, berriz, hala ere, hori ez bezala…
4. “Zerrendatzea”: era bateko edo besteko ezaugarriak dauzkaten pertsonaia, objektu edo ekintzak. Juntagailuak: alde batetik, beste aldetik…
5. “Aipua, aipamena”: filmetik hitzez hitz hartutako testu zati bat. Aipamena komatxoen artean idazten da edo letra etzanean. Gillermo de Baskervillek Adsori erantzun zion bezala, "batzutan, irudipen estatikoaren (sinesmen sakon baten) eta eromen bekatariaren (ekimen hiltzailearen) arteko tartea txikiegia da".
6. “Adibideak”: azalpenaren harian oso egokiak dira adibideak testuari zehaztapena ematen diotelako. Ez erabili beharrezkoa ez denean, testuan adierazten ari zaretena justifikatzeko baizik. Juntagailuak: adibidez, esaterako.
HIRUGARREN URRATSA: arrazoiak, kausak lantzea
1. “Kausa eta ondorioa”: zuen helburua gertakizun batzuen kausak aztertzea da, eta gertakizunek sortu dituzten ondorioak. Juntagailuak: zeren, -lako, bait, dela eta, dela kausa, horregatik...
LAUGARREN URRATSA: izenburua idatzi
2007/10/31
ARROSAREN IZENA: iruzkinbidea
Publicado por
Horazio
en
9:18
7
comentarios
Etiquetas: Iruzkinak: azalpen testuaren egitura
2007/10/17
ARROSAREN IZENA: iruzkinak
Sarrera honetan, filmari buruzko zuen iruzkina edo komentarioa aberasteko ohar batzuk aurkituko dituzue. "Arrosaren izena" filma ikusten ari garela, gelako zuen galderak, dudak eta nire ekarpenak bildu, forma eman eta gaur itzultzen dizkizuet. Talde bakoitzari suertatu zaion atalaren izenburupean doazkizue, zuen iruzkinerako iradokizun edo sugerentzia bezala.
Beste aldetik, blog honetako hitzen bat ulertzen ez baduzue edo zuen idazlana burutzeko itzulpenik egin behar baduzue, sakatu hemen, entziklopedian edota hiztegian.
1- PROTAGONISTA NAGUSIAK: Gillermo de Baskerville eta Adso de Melk.
Batetik, Adso de Melk gaztea (nobizioa, apezgaia) Melkeko noblearen semea da. Erdi Aroan eta ondorengo garaietan ere, familia nobleetako semeak jarduera hauetan aritzen ziren: zaharrena lurraren jabetza, beste seme bat militarra eta hirugarren bat apaiza. Gillermo, bestetik, liburuzale amorratua da. Liburuak maite ditu, baina horrez gain gauzei buruzko bere ikuspegi eta iritzia lantzea maite du.
Gillermo eta Adsoren artekoa maisu-ikasle harremana da. Zein gai dute hizpide? Zer eta zertan erakusten dio zaharrak gazteari euren elkarrizketetan?
Filmaren hasieran biak abadiara iritsi berriak direnean, Gillermok tresna batzuk utzi ditu logelako mahaian. Baina abadea ongi etorria ematera sartzean, estali egin ditu oihal batez. Zergatik?
2- ABADIA, MONASTERIOA: fraideak (erlijiosoak).
Abadia liburutegi famatu bat gordetzen duen gaztelu edo gotorleku bat da (Erdi Aroan liburu gordailuak izan ziren monasterio asko eta kultur eragile garrantzitsuak bilakatu ziren kristandadean). Filmean, adibidez, erlijio-ordena ezberdinak eta Aita Santuaren ordezkariak biltzera doaz abadian. Zein ordenakoak, eskekoak ala monakoak, dira abadea eta Gillermo? Guztiek abadia beneditar hau dute helmuga eta bertan egingo den "eztabaida" dute helburu. Zertaz hitz egin behar dute eztabaida horretan? Zeri buruzko eztabaida izango da?
Penitentziagite! esaten du Salvatore izeneko fraide itsusi eta lepoker batek hizkera xelebre batean. Nonbait dolcinitek oihukatzen zuten hitza omen da. Zein talde mota dira dolzinitak? Zer predikatu eta egiten zuten? Zeinen aurka egiten zuten?
Hilketen aurrean, bi ikuspuntu gorpuzten direla ematen du. Batetik, Gillermo eta bestetik, Jorge, abadea eta beste fraide asko. Zein da Gillermoren ikuspegia hilketen aurrean eta zein Jorgerena? Zer esan nahi du Gillermok "erabil dezagun burua" esaldiarekin? Eta zer Jorgek "Apokalipsia" eta "naturaz gaindiko indarra" hitzekin?
- Oharra: Ez ahaztu Bibliakoa Jainkoaren errebelazio hitza dela, eta beraz (Erdi Aroko) kristauentzat iragan, orain eta etorkizunaren seinaleak eta iragarpenak dakartzan "liburu sakratua" dela. Esaterako, Apokalipsian munduaren akabera narratzen da eta abadian amaiera horren zeinuak eta seinaleak agertu direla uste dute fraideek. Ordea, Gillermok...
3. HERRI XEHEA: protagonista laikoak (ez-erlijiosoak).
Oraindik irudi bakar batean agertu da herri xehea. Non bizi da? Harresiz barruan, kanpoan? Zer dela eta bildu da jende bat abadia kokatuta dagoen mendipera, zabor bilketan?
Gaztelu itxurako abadiako "portaloian" ilaran biltzen den jendea zer egiten ari da? Zertara dator daramatzan elikagaiekin? Zer zor zion jopuak nobleari edo Elizari gizarte feudalean? Nola deitzen ziren ordaindu beharreko horiek? Zein harreman mota zegoen Abadiaren eta herri xehearen artean? (Zein harreman da ohikoa gizarte honetan?)
4- ABADIA, LIBURUTEGIA.
Arestian aipatu bezala, fraide ordenak eta Aita Santuaren ordezkariak bildu behar dira abadian. Guztiek abadia beneditar hau dute helmuga eta abadeak aipatu duen "eztabaida" da helburu. Zertaz hitz egin behar dute bertan? Zein gai da hizpide?
Gillermo eta Adso abadiako elizan sartzerakoan, Ubertino fraidea aurkitzen dute lurrean, luze-luze etzanda, amabirginaren irudiaren azpian. Zer deritzozu sinesmena adierazteko jarrera mota horri?
5- INKISIZIOA ETA EPAIKETA.
Gillermo eta Adso abadiara iristen direnetik bertatik, inkisizioaren aipamena entzuten da etengabe. Hilketek jarraitzen badute, abadearen ustez inkisizioak argitu beharko ditu gertakizun horiek. Zein zen Erdi Aroan inkisizioaren zeregina?
Filmean ikusten ari garen bezala, bi gertakizun hauek lotzen ari dira: batetik, hilketak eta bestetik, fraide eta apaizen bilkura, eztabaida. Inkisizioaren parte hartzeak, zein jarrera lagunduko du? Metodo arrazionala eta argudiatzea ala metodo irrazionala eta tradizioa? Zein pertsonaia daude lehenengoaren eta zein bigarrenaren alde?
Bernardo Gui deskribatu, bere lana, papera...
6- KULTURAK, MENTALITATEAK, IKUSPEGIAK, METODOAK.
Liburu kopiatzaileek lanean jarduten duten gelan, eztabaida bat sortzen da fraide batzuk barrezka ari direlako. Zergatik sortu da Gillermoren eta Jorgeren arteko norgehiagoka, zein ikuspegi kontrajartzen dituzte, eta zein argudio?
Jangelan, bazkaltzen ari diren bitartean, fraide bat latinez dagoen liburu bat ari da ozen irakurtzen. Eta hauxe dio: "ezagutzak sufrimendua sortzen du". Konforme al zaudete ideia horrekin? Beste une batean, Adso elizaren atarian suertatzen da, eta bertan ikara sortzen duten harrizko aurpegiak ikusten ditu. Bi gertakizun horiek kontuan hartuta, zuen ustez bizitzari eta ezagutzari aurre egiteko zein ikuspegi edo pentsaera nagusitzen da abadian? Era horretan pentsatzen al du Gillermok? Zein ikuspegi dauka Gillermok ezagutzari buruz?
Ikusi dugunez, Gillermok ikaragarri maite ditu liburuak, baina horren gainetik gauzei buruzko "bere begirada" lantzea maite du. Fraide alkimista bezala, Baskervillekoa esperientzian oinarritzen da. Ez dio beldurrik ezagutzeari. Horrela, liburuak (eta Biblia liburu bat da) ez ditu hitzez hitz bereganatzen, interpretatu eta aztertu egiten ditu, natura eta giza fenomenoak bere adimenaz begiratzen dituen bezala. Liburuak, hitzak, ez dira mundua bera, beronen islak baizik. Gizakien interpretazio ezberdinak, zuzenak batzuk, okerrak bestetzuk, betiere hausnartzekoak. Gure adimenari eskaintzen zaizkion munduaren islak, zeinuak, hitzak, iritziak. Jorgek, ordea, Biblia ezkeroztik ez du ezagutza bilaka daitekeenik ikusten edo onartzen ("abadiako liburuak zaintzeko dira, ez ikertzeko"). Bibliak, Jainkoaren hitza den neurrian, munduan DEN DENA du berean, eta errealitatean ikus daitezkeen fenomenoak, zeinuak (abadiako hilketak) haren bidez ezagutzea beste biderik ez dago. "Pentsaeran ez dago aurrerakuntzarik..."
Filmean, Aristotelesen "Poetika" liburuko kapitulu bat edo, "Komediari" buruzkoa omen da. Barre eta ezagutzari buruz lehia bat gertatzen da abadian, ikuspegi kontrajarriak. Ea iristen zareten eztabaida hori itxuratzera! Zer adierazten du orriak arsenikoz pozoinduta egoteak eta irakurtzeak akaatzea?
Publicado por
Horazio
en
14:44
4
comentarios
2007/10/15
ARROSAREN IZENA
Egia zientifiko bat ez da aurkariak konbentzituz ezartzen, baizik eta aurkari horiek desagertuz joaten direlako eta egia berri horretan trebatutako belaunaldi berri batek ordezkatzen dituelako. (Max Planck, Nobel saria jaso zuen egunean, 1919)
- Aita Santu, errege eta enperadorearen artean izandakoak,
- Eliza eta monarkien (erreinuen) artekoak,
- Elizaren barruan emandakoak,
- Inkisizioaren eta heretikoen artean eta
- Noblezia, errege eta hirien artean.
- batetik, filmean borroka eta gatazka ezberdinak zehaztea,
- bestetik, elkarren aurka dauden indarrak (pertsonak, taldeak) edo poloak identifikatzea eta
- hirugarrenik, kontrajartzeen arrazoiak antzematea.
Publicado por
Horazio
en
21:13
2
comentarios
