2008/01/28

MAPA HISTORIKOAREN IRUZKINA

as
Mapa historikoa aztertzeko prozedura hau proposatzen zaizu.
MARKO HISTORIKOA
1. Lehen urratsa: mapan agertu edo irudikatzen den espazio fisikoa (lurraldeak) mugatu. Galdera: mapan zein eremu geografiko irudikatzen da?

2. Bigarren urratsa: mendea, aroa eta, ahal bada, urtea adierazi. Urrats honetan ere, agintarien edo giza taldeen aipamena gainera daiteke. Galdera: mapan zein denbora irudikatzen da?

LEGENDA AZTERTU
3. Hirugarren urratsa: maparen alboan, ezkerretan edo eskuinetan kokatzen den legendako sinboloak zehaztu (koloreak, forma ezberdinak, geziak eta beren koloreak, e. a.). Galdera: zein informazio ematen dute kolore, sinbolo eta geziek?

GAIA LANDU
4. Laugarren urratsa: izenburua kontuan izanda, mapan irudikatzen diren gaia eta edukiak aztertu. Galdera: mapa historiko honek zein gai eta gertakizun irudikatzen ditu?

EDUKIEN AZALPENA (azalpen testua)
5. Azken urratsa: maparen edukiak azaltzea da helburua. Testu bat idatzi aurreko urratsetan egindako azterketaren ondoren, "bost emaginak" erabiliz: non/noiz, zer/nork, nola, zergatik, zertarako.

2008/01/05

HISTORIA ETA KAZETARITZA

Urtarrilaren hasieran, hiru lan mota burutuko dituzue talde lanean. Taldeetan, kide batzuk blog eta movie maker tresnak erabiliko dituzue eta beste batzuk power pointa. Hauexek dira helburuak. Aurretik, erredaktore talde bakoitzak hiru lanak prestatu eta sarean argitaratuz gelakideei (eta euskal irakurle orori) eskaintzea. Ondoren, XVI. eta XVII. mendeetako gertakizunei buruz bakarkako azterketa bat egitea.

Power point programa erabiltzen ari zaretenok Ekonomia, Gizarte, Politika eta Kulturako gai ezberdinen sinopsi (ideia orokor) eta laburpenak landuko dituzue. Gelan aurkeztu ondoren, dagokizuen blogean argitaratuko dituzue. Power pointa egiteko eredua eta prozedura
hemen aurki ditzakezue.

Blog eta movie maker tresnez, historikoak diren "iraganeko berriak" idatziko dituzue eta sarean argitara eman. Bi ezaugarri hauek kontuan hartuta, blogeko eta filmeko testuak
kazetarien erara tajutzea proposatzen dizuet.

Kazetariek, beste edozein komunikatzailek bezala, duda eta galdera hauek ohi dituzte buruan, artikulu edo film dokumental bat idazten dutenean: norentzat idazten dugu,
zein da gure hartzailea? Nola antolatu paragrafoak edo irudiak lana ulergarri izan dadin? Zein titular ipini irakurlea erakartzeko? Testuko zein informazio da beste guztien gainetik garrantzitsuena eta deigarriena? Edo beste era batera esanda, irakurleak zein ideia gogoratzea nahi dugu?

Galdera hauek aintzat hartu eta blog zein filmerako zuen testuak berrirakurri, titularra eta sarrera berridazteko.

2008/01/03

HISTORIAKO GAIEN AURKEZPENA GELAN

Power point (ppt) programa erabili eta taldeko laburpenekin aurkezpena prestatu behar duzuenok lerro hauen azpian duzue, filmean, zuen lanerako eredua. Bertan, gaien aurkezpena egiteko prozedura erakusten da pausoz-pauso, gelan emandako fotokopietan proposatu zitzaizuen eran.


SlideShare Link

2008/01/02

TESTU PERIODISTIKOA (2)


2- Sarrera
. Izenburuen ondoren “sarreratxoa” deitzen den testuaren atala dator (gaztelaniaz
entradilla eta lead ingelesez). Bertan, bost emaginak landuta agertzen dira, baina ordenean aldaketa batekin: berriaren gaia izenburuaren hasieran ipintzen da:
"zer" eta "nork" (erreforma protestantea eta Martin Luther).

Erreforma protestantea XVI. mendeko Alemanian sortu zen, Martin Lutherrek latinez idatzitako Disputatio pro declaratione virtutis indulgentiarum argitara eman zuenean, 1517ko urriaren 31ean Wittenberg herrian. “95 tesiak” izenez ezagutzen den dokumentu honetan, Elizaren ustelkeria, Aita Santuaren autoritatea eta induljentziak kritikatu zituen eta, ondorioz, Erreforma protestantearen abiapuntua suposatu zuen.

3- Artikuluaren gorputza
. Sarreraren ondoren, notizia edo berriaren kontakizuna egiten da, eta xehe-xehe kontatu gainera. Testu periodistikoan, atal honi “artikuluaren gorputza”
esaten zaio. Hain zuzen, notizia (iraganeko berria) garatzeko erabiltzen den espazioa da.

Espazio honetan ere bost emaginak erabiliko dituzu. Bai, errepikapena dirudi, berriro ere gauza bera egitea, baina sarreran esandakoa garatu beharra dago.

Artikuluaren gorputzean, beraz, gertakizunen garapena egingo duzu. Eta emaginak berriro erabiliz (batez ere, zergatiak –kausak- eta ondorioak), informazio, adibide eta detaileak landuko dituzu artikuluaren atal honetan.

TESTU PERIODISTIKOA (1)


Blogeko artikuluak eta movie makerreko filmak


Blog eta movie makerreko lanetan, iraganeko notizia edo berria landuko duzu, testu periodistikoaren eskema edo antolaketa erabiliz. Testu periodistikoa ere bost emaginen inguruan egituratzen da, euren ordena zertxobait aldatzen bada ere: non-noiz, nor-zer, nola, zergatik (kausa), zertarako (ondorioak). Ikusi irudian, testu periodistikoaren hiruki alderantzikatua.

Zure lanean, azalpen testuaren ezaugarri horiek aintzat hartuko dituzu eta, aldi berean, testu periodistikoaren itxura ere.

Testu periodistikoaren egitura egunkarian ikus daiteke eta film edo irratsaio batean entzun. Prentsan erabiltzen den bezala, film dokumentaletan ere bai. Grafikoki adierazteko, hauexek dira egituraren atalak: titularra, sarrera eta gorputza.

1- Titularra (izenburuak):a- Aurre-izenburua
(NON/NOIZ edo notiziaren beste elementu osagarriak)
b- Izenburua

(ZER/NORK, artikuluaren sarrera edo lehen paragrafoa laburtzen du)
c- Azpi-izenburua

(Izenburu eta aurre-izenburuan esandakoa zabaltzen du)
Baina nola ipini gure burua kazetari baten paperean, nola eman iraganeko gertakizunei orainekoen narrazio mota? Azken baten, nola informatu eta irakurlea erakarri, irakurtzeko gogoa eman? Imajina ezazu iragan mendeetako gertakizunak (zure kasuan XVI. eta XVII. mendeetakoak) eta saiatu zaitez egunkari edo film dokumental baterako berrien trataera ematen. Esaterako, "Erreforma protestantea" gaiari buruz honako adibide hau plantea daiteke:
1517an, Wittenbergeko elizako ateetan 95 tesiak iltzatuta
Erreforma protestantea Martin Lutherren eskutik jarri zen abian
Aita Santuak eskumikuarekin mehatxatu zuen fraide agustindarra
JARRAIPENA...

AZALPEN TESTUAK EDO ZERGATIAK AZTERTZEKO TESTUAK

Erredakzio talde ezberdineko blogean landuko dituzun testuak azalpen testuak dira, edo beste era batera esanda: “zergatiak aztertzeko testuak”. Testu mota hauek ezaugarri batzuk dituzte eta ezaugarri horiek beroriek hartuko dira kontuan lanen ebaluazioa egiteko.

1- Fenomeno historikoaren deskribapen argia. Deskribapen horren bidez, fenomenoaren aurkezpena egiten da eta bere ezaugarri nagusiak aipatu.

2- Testuaren azken helburua fenomenoaren zergatiak ematea da, ez beste ezer. Zergatien azalpen hori argitasunez egin beharra dago, informazio zehatz eta kontrastatuak emanez (informazioaren kalitatea liburuan edo interneten kontsultatu eta berrikusiz). Testu hauetan ezin da aurkako edo aldeko iritzia zein argudioa planteatu.

3- Horrela, planteatzen dituzun kausa edo zergatiak adibide konkretuez ilustratu behar dira.

4- Testuaren tonua arrazoizkoa izan behar da, irakurlea ez haserretzeko.

5- Egitura garbia eduki behar du. Bi irizpide daude antolaketa honetarako: a- hasieran garrantzi handiko zergatiak (testu periodistikoan bezala); b- testuaren hasieran garrantzi gutxiko zergatiak.

6- Paragrafoak ondo egituratuta, eta koherenteak, hau da, euren artean loturak gordez. Irizpidea hauxe da: ideia edo zergati baten garapena paragrafo batean, beste ideia bat beste paragrafo batean eta abar.

Laburbiltzeko, zergatiak aztertzeko testuak goian sailkatutako ezaugarriak ditu, baina ez ahaztu testu mota honek sakon-sakonean oinarrizko galdera ezagun batzuei erantzuten diela, “bost emaginak”: non/noiz, nor/zer, nolakoa, zergatik eta zertarako.