2007/10/17

ARROSAREN IZENA: iruzkinak

Sarrera honetan, filmari buruzko zuen iruzkina edo komentarioa aberasteko ohar batzuk aurkituko dituzue. "Arrosaren izena" filma ikusten ari garela, gelako zuen galderak, dudak eta nire ekarpenak bildu, forma eman eta gaur itzultzen dizkizuet. Talde bakoitzari suertatu zaion atalaren izenburupean doazkizue, zuen iruzkinerako iradokizun edo sugerentzia bezala.

Beste aldetik, blog honetako hitzen bat ulertzen ez baduzue edo zuen idazlana burutzeko itzulpenik egin behar baduzue, sakatu hemen, entziklopedian edota hiztegian.

1- PROTAGONISTA NAGUSIAK: Gillermo de Baskerville eta Adso de Melk.
Batetik, Adso de Melk gaztea (nobizioa, apezgaia) Melkeko noblearen semea da. Erdi Aroan eta ondorengo garaietan ere, familia nobleetako semeak jarduera hauetan aritzen ziren: zaharrena lurraren jabetza, beste seme bat militarra eta hirugarren bat apaiza. Gillermo, bestetik, liburuzale amorratua da. Liburuak maite ditu, baina horrez gain
gauzei buruzko bere ikuspegi eta iritzia lantzea maite du.

Gillermo eta Adsoren artekoa maisu-ikasle
harremana da. Zein gai dute hizpide? Zer eta zertan erakusten dio zaharrak gazteari euren elkarrizketetan?

Filmaren hasieran biak abadiara iritsi berriak direnean, Gillermok tresna batzuk utzi ditu logelako mahaian. Baina abadea ongi etorria ematera sartzean, estali egin ditu oihal batez. Zergatik?

2- ABADIA, MONASTERIOA: fraideak (erlijiosoak).
Abadia liburutegi famatu bat gordetzen duen gaztelu edo gotorleku bat da (Erdi Aroan liburu gordailuak izan ziren monasterio asko eta kultur eragile garrantzitsuak bilakatu ziren kristandadean). Filmean, adibidez, erlijio-ordena ezberdinak eta Aita Santuaren ordezkariak biltzera doaz abadian.
Zein ordenakoak, eskekoak ala monakoak, dira abadea eta Gillermo? Guztiek abadia beneditar hau dute helmuga eta bertan egingo den "eztabaida" dute helburu. Zertaz hitz egin behar dute eztabaida horretan? Zeri buruzko eztabaida izango da?

Penitentziagite!
esaten du Salvatore izeneko fraide itsusi eta lepoker batek hizkera xelebre batean. Nonbait dolcinitek oihukatzen zuten hitza omen da. Zein talde mota dira dolzinitak?
Zer predikatu eta egiten zuten? Zeinen aurka egiten zuten?

Hilketen aurrean,
bi ikuspuntu gorpuzten direla ematen du. Batetik, Gillermo eta bestetik, Jorge, abadea eta beste fraide asko. Zein da Gillermoren ikuspegia hilketen aurrean eta zein Jorgerena? Zer esan nahi du Gillermok "erabil dezagun burua" esaldiarekin? Eta zer Jorgek "Apokalipsia" eta "naturaz gaindiko indarra" hitzekin?

  • Oharra: Ez ahaztu Bibliakoa Jainkoaren errebelazio hitza dela, eta beraz (Erdi Aroko) kristauentzat iragan, orain eta etorkizunaren seinaleak eta iragarpenak dakartzan "liburu sakratua" dela. Esaterako, Apokalipsian munduaren akabera narratzen da eta abadian amaiera horren zeinuak eta seinaleak agertu direla uste dute fraideek. Ordea, Gillermok...

3. HERRI XEHEA: protagonista laikoak (ez-erlijiosoak).
Oraindik irudi bakar batean agertu da herri xehea. Non bizi da? Harresiz barruan, kanpoan? Zer dela eta bildu da jende bat abadia kokatuta dagoen mendipera, zabor bilketan?

Gaztelu itxurako abadiako "portaloian" ilaran biltzen den jendea zer egiten ari da? Zertara dator daramatzan elikagaiekin? Zer zor zion jopuak nobleari edo Elizari gizarte feudalean? Nola deitzen ziren ordaindu beharreko horiek? Zein harreman mota zegoen Abadiaren eta herri xehearen artean? (Zein harreman da ohikoa gizarte honetan?)

4- ABADIA, LIBURUTEGIA.
Arestian aipatu bezala, fraide ordenak eta Aita Santuaren ordezkariak bildu behar dira
abadian. Guztiek abadia beneditar hau dute helmuga eta abadeak aipatu duen "eztabaida" da helburu. Zertaz hitz egin behar dute bertan? Zein gai da hizpide?

Gillermo eta Adso abadiako elizan sartzerakoan, Ubertino fraidea aurkitzen dute lurrean, luze-luze etzanda, amabirginaren irudiaren azpian. Zer deritzozu sinesmena adierazteko jarrera mota horri?

5- INKISIZIOA ETA EPAIKETA.
Gillermo eta Adso abadiara iristen direnetik bertatik, inkisizioaren aipamena entzuten da etengabe. Hilketek jarraitzen badute, abadearen ustez inkisizioak argitu beharko ditu gertakizun horiek. Zein zen Erdi Aroan inkisizioaren zeregina?

Filmean ikusten ari garen bezala, bi gertakizun hauek lotzen ari dira: batetik, hilketak eta bestetik, fraide eta apaizen bilkura, eztabaida. Inkisizioaren parte hartzeak, zein jarrera lagunduko du? Metodo arrazionala eta argudiatzea ala metodo irrazionala eta tradizioa? Zein pertsonaia daude lehenengoaren eta zein bigarrenaren alde?

Bernardo Gui deskribatu, bere lana, papera...

6- KULTURAK, MENTALITATEAK, IKUSPEGIAK, METODOAK.
Liburu kopiatzaileek lanean jarduten duten gelan, eztabaida bat sortzen da fraide batzuk barrezka ari direlako. Zergatik sortu da Gillermoren eta Jorgeren arteko norgehiagoka, zein ikuspegi kontrajartzen dituzte, eta zein argudio?

Jangelan, bazkaltzen ari diren bitartean, fraide bat latinez dagoen liburu bat ari da ozen irakurtzen. Eta hauxe dio: "ezagutzak sufrimendua sortzen du". Konforme al zaudete ideia horrekin? Beste une batean, Adso elizaren atarian suertatzen da, eta bertan ikara sortzen duten harrizko aurpegiak ikusten ditu. Bi gertakizun horiek kontuan hartuta, zuen ustez bizitzari eta ezagutzari aurre egiteko zein ikuspegi edo pentsaera nagusitzen da abadian? Era horretan pentsatzen al du Gillermok? Zein ikuspegi dauka Gillermok ezagutzari buruz?

Ikusi dugunez, Gillermok ikaragarri maite ditu liburuak, baina horren gainetik gauzei buruzko "bere begirada" lantzea maite du. Fraide alkimista bezala, Baskervillekoa esperientzian oinarritzen da. Ez dio beldurrik ezagutzeari. Horrela, liburuak (eta Biblia liburu bat da) ez ditu hitzez hitz bereganatzen, interpretatu eta aztertu egiten ditu, natura eta giza fenomenoak bere adimenaz begiratzen dituen bezala. Liburuak, hitzak, ez dira mundua bera, beronen islak baizik. Gizakien interpretazio ezberdinak, zuzenak batzuk, okerrak bestetzuk, betiere hausnartzekoak. Gure adimenari eskaintzen zaizkion munduaren islak, zeinuak, hitzak, iritziak. Jorgek, ordea, Biblia ezkeroztik ez du ezagutza bilaka daitekeenik ikusten edo onartzen ("abadiako liburuak zaintzeko dira, ez ikertzeko"). Bibliak, Jainkoaren hitza den neurrian, munduan DEN DENA du berean, eta errealitatean ikus daitezkeen fenomenoak, zeinuak (abadiako hilketak) haren bidez ezagutzea beste biderik ez dago. "Pentsaeran ez dago aurrerakuntzarik..."

Filmean, Aristotelesen "Poetika" liburuko kapitulu bat edo, "Komediari" buruzkoa omen da. Barre eta ezagutzari buruz lehia bat gertatzen da abadian, ikuspegi kontrajarriak. Ea iristen zareten eztabaida hori itxuratzera! Zer adierazten du orriak arsenikoz pozoinduta egoteak eta irakurtzeak akaatzea?

4 comentarios:

Anónimo dijo...

KULTURAK,MENTALITATEAK,IKUSPEGIAK,METODOAK.

Trantsisio garaia:


"El nombre de la rosa " filmaren istorioa, XIV-XV. Mendeetan kokatzen da. Garai honetan, krisi orokorra zegoen bai izurri beltza, krisi ekonomikoa, krisi demografikoa etab. tartean zeudelako. Istorioan, gatazka ideologiko ugari ikus daitezke hala nola, pentsaera zaharraren berrikuntza eta pertsonaiak horren alde edo kontra aurkezten dira. Adibide garbi bezala, Jorge eta Guillermo.



Abadia honetan, hilketa batzuk gertatzen dira. Protagonista logikan eta zientzian oinarritzen da hilketa hauek argitzeko. Fraideak aldiz, fedean eta sinismenean, apokalipsiaren zazpi gertaeretan. Honek mende eta mentalitate aldaketa argi adierazten du, batzuen aurrerapen zientifikoak (binokuluak, astronomia "aparailuak"…)eta besteen tradizioa.



Jorgek, monasterioko liburu zain itsuak barrea eta komedia biziki gorroto ditu, berak dioenez: " barreak beldurra akabatzen du, eta beldurrik gabe, ez dago federik, zeren deabruaren beldurrik gabe ez da beharrezkoa jainkoa". Honek fedea galtzeari dion beldurra erakusten digu, hala nola zientziak fedea desagerrarazteari. Guillermok, aldiz, zientzian eta aurrerapenean kofidatzen du nahiz fededun izan. Liburuak izugarri maite ditu, hau, filmaren amaieran liburuak erretzean argi ikusten da. Hauen jakinduria guztia zabaldu nahi du, salbuespenik gabe, eta horrek batzuen zientziarekiko beldurra berpizten du Guillermo heretikotzat joz. Honek inkizisioaren eta Jorgeren jokaerari egiten dio erreferentzia.



Guzti honek, garai hortan izan ziren aldaketak erakusten dizkigu trantsizio garai bat izatera helduz. Batzuek bizitzeari zioten beldurra barrearen eta komediaren laguntzarekin aurrera eramanez.


Oihane, Xabi eta Natalia

Anónimo dijo...

ELIZA: INKISIZIOA ETA EPAIKETA

Gertaera hauek Erdi Aroan, 1327.urtean (XIV.mendean) kokatzen dira. Garai honetan, krisi ekonomikoa gertatu zen: hondamendi naturalak, 1348ko izurri beltza eta gerrak zirela medio. Gainera, Europako estatu nagusien sorrera eta itsasoz beste aldeko zabalkuntza eman ziren.

Inkisizioak Erdi Aroan zehar hainbat epaiketa egin zituen, kristautasunaren alde baitzegoen. Elizak ezarritako arauen aurka kokatzen zen edonor (doltzinitak esaterako) zigortzen zituen eta kleroaren nahiz Elizaren izenean torturatu edo sutara botatzen zituzten. Elizaren ikuspegi ezberdina zuten pertsonei inkisizioaren epaiketa egiten zieten. Horrez gain, Elizaren esanei uko eginez gero, heretiko bezala hartzen zituzten.

Eliza eta Aita Santua Erdi Aroko botere nagusiak ziren. Garai hartan aldiz, Aita Santuak gaur egun baino askoz eragin handiagoa zuen. Hark agintzen zituen bakoitzaren eginbeharrak eta pentsatzeko erak. Elizak herri xehea mehatxatzen zuen, infernura joango zela esanez. Herritarrek, honi beldur ikaragarria ziotela eta, arau oro betetzen zuten. Aita Santuak erregeak bezain botere handia edo gehiago zuen.

Filma garai hartan zeuden iritzi ezberdinen adierazgarri da. Esaterako, Jorge eta Guillermok, pentsamendu guztiz kontrajarriak zituzten. Alde batetik, Guillermok hilketak logikaz, autopsia eginez aztertu nahi zituen. Hilketak nola bestelako fenomeno naturalak, bere begiz ikertu eta interpretatzen zituen, azalpen bat emateko asmotan. Bestalde, Jorgek Apokalipsia (munduaren amaiera) zela zioen. Izan ere, Erdi Aroko kristautasunean Biblian kontatzen dena iragan, orain eta etorkizuntzat hartzen zen. Beraz, oraineko fenomenoak zein etorkizunekoak interpretatzeko eta aurreikusteko bidea ematen zuen. Horrez gain, bata barrearen alde dago eta bestea aldiz ez. Izan ere, Jorgeren esanetan, barrea debekatua zegoen. Hau argi ikusten da Guillermok liburua hartu nahi duen unean honako hau esaten duelako: “Barreak beldurra akabatzen du, beldurrik gabe ezin da federik egon, deabruari beldurrik ez izatean dagoeneko ez dagoelako Jainkoaren beharrik”. Guillermo teknologia berrien alde dago, honetarako ikuspegi modernoa erabiliz, bere ahalmenekin aztertu dezakeen guztia miatzen du, inongo mugarik jarri gabe. Jorge aldiz, ikuspegi tradizionalean oinarritzen da eta jakituria ez dela bilatu behar esaten du. Bibliak munduaren "historiari" buruz dioen guztian oinarritzen da, beste ezer deskubritzea nahi ez duelarik.

Lucifer, filmean azaltzen den Alpeetako abadia horretan dagoela eta gertatutako hilketen erruduna dela esaten da. Hau frogatzeko, inkisizioa etortzen da, heresiaren aurkako epaiketak bete ahal izateko. Bertan kleroaren ordezkari ezberdinak biltzen dira eta inkisizioaren esanetatik kanpo dauden pertsonak zigortzen dituzte heretiko direla esanez.

Fraide eta apaizen artean ere desberdintasunak daude, janzkera eta garraioari dagokionez. Frantziskotarrak esaterako, oso pobre eta sinple janzten dira, ez baitaude Elizaren luxuen alde. Gainerakoek aldiz, jantzi eta bitxi oso dotoreak daramatzate soinean. Beraz, haien janzkeraren arabera pentsamoldea igarri ahal dela esan daiteke.

Inkisidorearen lana, pertsona erlijioso bezala, erlijiotik kanpo ematen ziren desbideratzeak zigortzea zen. Denborarekin Elizaren eta Erregetzaren indar bihurtu zen, errespresiorako indarra, gai erlijioso zein ez erlijisioetan. Horrez gain, herejian parte hartzen zuten pertsonak torturatzen zituen. Elizaren ikuspegian oinarritzen zen eta ez zuen beste inolako pentsakerarik onartzen.

Abadian heretikoak izandako hainbat fraide bizi dira, esaterako: Salvatore eta Remigio doltzinita oihak, domingotarren monako-ordenekoak. Hau dela eta, torturatuak izan ziren, heresian parte hartu baitzuten. Guillermo frantziskotarra zen arren, 5 urtez zigorturik egon zen epaiketa batean heretikoa zen baten alde hitz egiteagatik. Horrez gain, Guillermorekin batera badaude frantziskotarrak diren beste hainbat fraide. Hauek beraien jantzietan erreparatuz gero erraz desberdintzen dira.

Bilkura inkisidoreak zuzentzen du eta haren betebeharra heresian parte hartu dutenak zeintzuk diren erabakitzea da. Abade jauna eta Guillermo epaile bezala aukeratzen ditu Bernardok eta bi hauek inkisidoreak esandakoaren alde egon beharra daukate heretiko bezala zigortu ez ditzaten.

Inkisidoreak abadian deabrua dagoela esaten du eta heretikoak diren haiek zigortu egin behar direla deabrua abadiatik kanpora irten ahal izateko. Epaiketa guzti hauek prosezu bat zuten: lehenik salaketa frogatu beharrean, salatua erruduntzat hartzen zen, besterik gabe, eta tortura aplikatzen zitzaion. Sarritan salaketak faltsuak ziren, baina Inkisizioaren erabakia Elizaren hitza zen eta Elizarena Jainkoarena, beraz. Zigorrak espetxeraturik, torturaturik edo sutan ipiniz betetzen ziren normalean. Aitortzen ez bazuten ere, torturak jasaten zituzten azkenik beste erremediorik eduki ez eta zerbait esan zezaten. Erabakiak inkisidorearen (Elizaren) pentsamoldearen arabera zeuden. Azkenerako, Elizaren barruan ia botere autonomo bat bihurtu zen bere lana eta inor ez zen hura kritikatzera ausartzen.

Asier eta Amaia

Anónimo dijo...

ARROSAREN IZENA. ERDI AROAN OINARRITUTA. KULTURA.

Arrasaren izena filma XIV.mendean kokatuta dago, non, pentsakera desberdinen hainbat ikuspuntu ikus daitezkeen. Garai honetan, gizarte maiala feudala zen, hau da, botere gabekoek ( herri xehea ) eta boterea dutenen ( Eliza eta erregeak ) arteko diferentzia sozialak gertatzen dira. Pelikularen hasieran Guillermok ikuspegi logikoan agertzen da gainontzekoak ikuspegi magikoan edo erlijiosoan agertzen diren bitartean. Hala ere, bukaeran fraide guztiak Gillermori eta Adsori esker abadian gertatzen diren gertakizun bitxiei logika xerkatzen dituzte.

Abadia hau ezaguna da liburutegi sekretu batean eskuz egindako liburuak daudelako. Liburu hauek fraideentzat “liburu debekatuak” ziren, gehienak barreari buruz hitz egiten baitzuten. Gatazka ideologico edo lan metodoari buruzko gatazkak liburutegi inguruan gertatzen dira, fraideentzat liburutegi hori oso garrantzitsua baitzen.
Hilketak direla medio Gillermoren eta Jorgeren hainbat ikuspuntu kontrajartzen dira, Gillermok logika lantzen baitu ( elurretan dauden aztarnak etab. ) eta Jorgek ez. Alegia, Gillermoak bakarra da bere ikuspuntua lantzen duena. Fraideek ez dute Gillermoren ikuspuntuan sinisten, haiek deabru batek abadiagaz jabetu dela pentsatzen dute. Adso ordea bi mentalitateen artean dago, biak ulertzen ditu baina urrikoltasunari garrantzi handia ematen dio eta pertsonei liburuei baino garrantzi gehiago ematen dio pelikula osoan zehar.
Adso Gillermori amodioaren inguruan galdetzen dionean tradizio pentsakera eta berrikuntza pentsakera lantzen dira, amodioaren inguruan pentsakera desberdinak baitute batak eta besteak.
Filman barrea debekatutzat jotzen dela ikus daiteke. Jorgek Aristotelesen poetikari buruzko liburua eskuratu egiten du eta posoia jartzen dio orrialde bakoitzaren ertzetan barreari buruz egiten duelako. Jorgek barrearen aurka sufritzearen argudio ematen du. Barreari zuen iritzi baten artean zera zegoen: Deabru batek tximuen buruaz jabetzen da, horregatik barre egiten dute. Hots, barrearen kontra dago, barre egiten baduzu tximuei gertatzen zaien antzera deabru batek zure burua jabetuko duelako. Era berean “la risa mata el miedo y el miedo mata la fe” esandiarekin aurkezten da. Horrekin zera esan nahi du; barre egiten baduzu jainkoagataz barre egiten zabiltz eta fedetasuna galdu dezakezu.

Bukatzeko ondoriozta dezakegu Gillermoren ikuspuntu logikoari dela kausa dena argitu zela, baina ikuspuntu desberdinak egon daitezkeela.


LEIRE ETA JENNIFER

Anónimo dijo...

leire y jennifer 2b diocesanas