1- MUNDU EZAGUNA HEDATZEA
a. “Aurkikuntza handien arrazoiak” gelan landu genuen. Beraz, gure argibideak beste bi kapituluei buruzkoak izango dira.
b. “Portugesen aurkikuntzak” kapituluan portugesen esplorazio eta konkisten inguruan hitz egiten da. Zehazki, portugesen kolonizazio eredua planteatzen da: ez ziren lurraldeetan barrena sartu, kostaldean gelditu ziren eta bertan hiri zaharrak konkistatu eta lantegiak sortu zituzten. Era horretan, Afrikako hegoaldera abiatu ziren. Zuk zehaztu zeinek osatu zuen eta nondik portugesen ibilbidea deitu zena: India eta Txinara iristeko itsasbidea. Bestalde, adierazi zein merkataritza mota egin zuten, nola zein gairekin trafikatu zuten, e. a. (Portugesen ibilbideak Mediterraneoko kabotaje-nabigazioaren teknika gogoratzen du.)
c. “Kristobal Kolon eta Amerikaren aurkikuntza” kapituluan espainiarrek egindako Mendebaldeko ibilbideaz hitz egiten da. Itsasbide atlantiko honi ekiteko arrazoia: Lurraren biribiltasuna uste izatea. Zuri dagokizu zehaztea zergatik den arriskutsuagoa ibilbide hau, portugesenarekin konparatuz. Ondoren, Kolonen proiektua azaldu eta berak egindako bidaiak aipatu.
2- KOLONEN AURREKO KULTURAK
a. “Azteken inperioa” kapituluan non, noiz eta zeintzuk ziren aztekak aipatzen da, eta azteken inguruan ezagutzen ditugun ezaugarri kulturalak: erlijioa (jainko bat baino gehiago), giza sakrifizioak, hizkuntza; ezaugarri sozialak: gizartea, hiriko bizimodua; eta ezaugarri ekonomikoak: nekazaritza (artoa, tabakoa), artisautza eta merkataritza.
b. “Maiak” kapituluan gizatalde honen gizarte mota eta kulturaz hitz egiten da: hiri-estatuak (hiri batek eta bere lurraldeak osatzen duen estatua), noble eta apaizen agintea, herria klanetan antolatua (arbaso bera duten familia zabaletan)… Zuk zehaztu zein kultura eta idazkera mota zuten maiek, eta espainiarrak iritsi ziren zein egoeratan zeuden.
c. “Inken inperioa” kapituluan inperio hau non zehar zabaltzen zen aipatzen da. Interesgarria nola antolatzen zen inperio, bere erkidego edo autonomiekin, eta enperadorearen agintepean kokatzen ziren jauntxoekin. Horretaz aparte, inperioaren ekonomia (nekazaritza –patata– eta abeltzaintza) aipatzen da eta kulturari buruzko ezaugarriak (erlijio politeista, Eguzkia aztekek bezala…).
3- EGUNEROKO BIZIMODUA XV-XVI. MENDEETAN
a. “Hirietako aldaketak” kapituluan Erdi Aroko hiribilduetan egindako erreformaz hitz egiten da. Zentzu horretan, orduko kale estuak zabaldu egin ziren eta plaza handi eta karratuak eraiki. Bestalde, garai honetan eraikuntza zibilak egin ziren, ikastetxeak eta ospitaleak; gizarte talde batzuk, nobleziak eta burgesiak, jauregiak eraiki zituzten. Errenazimentuak (XVI) ohitura aldaketak ere sortu zituen, aurkikuntza geografiko eta zientifikoek eraginda. Jateko ohituretan jaki berrien eragina: txokolatea, tabakoa, , artoa, tomatea, piperra, patata...
b. “Gizonezkoen eta emakumezkoen jantziak” kapituluan Errenazimentuko jantzien ezaugarriak aipatzen dira: koloreak, formak, orrazkerak... Horrez gain, gizarte taldeen jazteko ohiturak adierazten dira, maila ekonomikoaren arabera hartu zirenak.
c. “Janariak” eta “Dibertsioak” kapituluetan maila ekonomikoaren arabera ohikoak ziren elikagaiak agertzen dira, tradiziozkoak eta Ameriketatik etorritakoak. Bigarren kapituluan ospakizun erlijiosoez gain, profanoek ere (ez-erlijiosoak) indar handia hartu zuten. Horien artean antzerkia, gizarte talde guztientzako dibertsiorik arruntenetako bihurtu zen (gaur egungo telebistaren tamainakoa). Antzerki lanetan ohikoak ziren gaiak: maitasuna, zeloak eta ondra (pertsona baten ohorea, ospe ona). Antzezlanen tokia: komedia-barla (“corrala” izeneko antzeztokiak. Begiratu 23. orrialdeko argazkia).
4- EGUNEROKO BIZIMODUA EUROPAN ABSOLUTISMOAN
a. “Hirietako bizimodua” kapituluan orduko (XVII) bizieraren ezaugarri batzuk planteatzen dira. Adibidez, gizarte talde batzuk aipatzen dira: goi-noblezia eta herri xea, eta honen barruan burgesia merkataria eta eskulangileak (artisauak, nekazariak). Horrez gain lanbide batzuen izanak aipatzen dira: zapataginak, arotzak... Zuk landu, adibidez, zertan eragin zuen Europaren eta Amerikaren arteko merkataritzak hirietan. Azkenik, deskribatu nolakoak ziren hiriak eta bizilekuak garai hartan. Eta zein etxeko tresneria zuten eskuragarri.
b. “Landako bizimodua” kapituluan nekazaritzaren eta nekazarien inguruan hitz egiten da, eta zein bizimodu, ekonomia zuten aipatzen da. Jabetza ez zen nekazarien egoera arrunta, bai ordea nobleziaren kasuan, horretan, lur-jabetzan, oinarritzen baitzuen bere boterea. Nekazarien etekinak oso eskasak ziren, eta hortik ordaindu behar zituzten zergak lurjabeari eta hamarrenak Elizari. Otordurako, ogia, barazki batzuk eta ardoa zuten, haien faltan, gosetea.
c. “Espainiako eguneroko bizimodua XVII. mendean” kapituluan mende horretako krisiaz hitz egiten da. Krisia ekonomian, demografian, gizartean eta politikan gertatu zen. Krisi ekonomikoa: hiriko artisautza ahuldu zelako, herri xehearen pobrezia. Demografikoa: higiene eta gaixotasun arazoak (izurriteak: heriotzak). Gizarte krisia: egoera larrian mentalitate aldaketa, giro ezkorra; biztanleriaren egoera txarrean, XVI. mendeko aldartea eta balioak aldatu ziren (nobela pikareskoan adierazten dira gertakizun horiek). Gainera, gizarte taldeen arteko aldeak handitu egin ziren: pobreak gero eta gehiago, aberatsak gero eta gutxiago. Krisi politikoa: Espainiak bere boterea edo hegemonia galdu egin zuen Europan, porrot militarrak...
No hay comentarios:
Publicar un comentario