2007/11/28

XVI ETA XVII. MENDEETAKO KULTURA

1- ERREFORMA ETA KONTRARREFORMA

“Luther eta Erreforma” gelan landu genuen. Beraz, gure argibideak beste hiru kapituluei buruzkoak izango dira.

a. “Dotrina protestantea” kapituluan erreforma protestantearen ezaugarriak planteatzen dira. Kontuan izan, Eliza Katolikoak (Erromako Elizak, Aita Santuaren agintea onartzen duen Eliza Kristaua) Luther eskumikatu egin zuela. Beraz, eta ondorioz, Lutherren jarraitzaileek Erromako Elizatik ihes egin zuten. Erreforma protestantearen ezaugarrien artean hauexek: kristaua fedeagatik salbatzen da (zerua lortzen du), berdin da zein ekintza egin edo ez egin; fedea badu salbatuko da, eta ez badu ez da salbatuko. Beste ezaugarria Jainkoarekiko lotura zuzena da: ikuspegi honengatik, Biblia irakurtzea derrigorrezko ekintza bihurtu zen protestanteen artean; beste ondorio bat: apaizak ez dira fededunaren eta Jainkoaren arteko harremanean beharrezkoak. Zuk landu gainerako ezaugarriak.

b. “Erreformaren zabalkundea. Kalbinismoa eta Anglikanismoa” kapituluan Europan erreforma protestanteak izan zuen arrakastaz hitz egiten du. Europar printze eta erregeek Erromako Elizak zituen ondasunak nahi zituzten eta gutizia horrek erreformaren zabalpenean lagundu zuen. Ondoren bi adibide planteatzen dira testuan: kalbinismoa eta anglikanismoa eta euren jatorriak, eta kokapenak Europan.

c. “Erreforma katoliko eta Kontrarreforma” kapituluan Erromako Elizaren (Eliza Katolikoaren) erantzunaz hitz egiten da. Definitu egiten da zer den Kontrarreforma, eta erreforma katolikoaren ezaugarriak zein izan ziren eta non onartu ziren esaten da (Trentoko Kontzilioa). Ez ahaztu zein urtetan gertatu zen aipatzea. Gainera, kontrarreformaren zabaltzaile nagusiak “jesuitak” izen ziren (Jesusen Konpainia, Loiolako Inazio fundatzailea). Beraz, Europa bi zatitan-edo banandu zen erlijioen arabera. Honek, XVII. mendean, ondorio nabarmen bat izan zuen. Zein?

2- HUMANISMOA ETA AURRERAPEN ZIENTIFIKOAK

a. “Humanismoa eta Errenazimentua” kapituluan kontraste edo kontrajartze bat azaltzen da: batetik, Erdi Aroko kultura eta, bestetik, Aro Modernokoa. Erdi Aroko kulturaren erdigunea teozentrismoa zen (teo = Jainkoa): Jainkoa, erlijioa eta kleroa ziren bizimoduaren ardatzak. Aro Modernoan (Errenazimentuan: XV-XVI. m.) beste kultura-ikuspegi bat sortu zen: antropozentrismoa (antropo = gizakia). Humanismoa ikuspegi horren ondorioa da bere definizioak dioen moduan. Zure lana definizio hori zehaztea da.

Bestalde, humanismoaren eta humanisten ezaugarriak komentatu, eta Errenazimenduan famatu ziren batzuen adibideak eman.

b. “Aurrerapen zientifikoak” kapituluan, humanisten jakiteko eta ezagutzeko gogoak ekarri zuen ondorioaz hitz egiten da: zientzia modernoaren sorrera, metodo zientifikoaren hastapena. Adibide batzuk aipatu: Parazeltso (sendatzeko produktu kimikoak), Vesalio (azterketa anatomikoak) eta Koperniko (teoria heliozentrikoa).

c. “Humanismoaren zabalkundea. Akademia eta inprenta” kapituluan humanismoak izandako babesaz hitz egiten da, eta horrek ondorio bezala ekarri zuena: liburutegiak, unibertsitateak, kultura-zentro berriak. Bestalde, Italia eta Italiako hiri batzuen garrantzia aipatzen da, humanismoaren zabalkunderako (Florentzia eta beste batzuk). Ideia humanisten zabalkundean beste faktore batzuk izan zuten eragina: hezkunzta, herri-hizkuntzetan idaztea eta inprenta asmatzea (Gutenberg, 1450 aldera).

3- IRAULTZA ZIENTIFIKOA ETA TEKNIKOA

a. “Zientzia modernoa. Enpirismoa eta arrazionalismoa” kapitulua mundua azaltzeko jakintza-metodo arrazionalaz mintzatzen da. Gogoratu Gillermo de Baskervillen metodoa: autopsia, esperientzia, behaketa, frogak, dedukzioa… Zentzu horretan, Gillermo enpirikoa da, esperientzia errealean (ez magian edo erlijioan) oinarritzen da. Ondoren aipatu zeintzuk landu zuten eta zer proposatu zuten metodo zientifikoa oinarritzeko.

b. “Iraultza zientifikoa. Zientzien garapena” artikuluan metodo zientifiko edo esperimentalaren garapenak (natur zientziak, fisikak, kimikak…) ekarri zuen ondorioa aipatzen da. Zein izan zen? Ondoren pertsona konkretu batzuk aipatzen dira eta beren lanak. Aipatu eta laburtu euren ekarpenak.

c. “Iraultza teknikoa” kapituluan, XVII. mendeko berrikuntza teknikoak aipatzen dira: mikroskopia, teleskopioa… Zuk tresna bakoitzaren historia eta deskribapena landu.

4- EUROPAKO BARROKOA. ONDARE ARTISTIKOA

a. “Estilo berria agertu” kapitulua Erromako Elizak Erreforma protestantearen aurka antolatu zuen Kontrarreformaren ondorioei buruz mintzatzen da. Eliza Katolikoak artea eta irudi erlijiosoen ekoizpena bultzatu zuen, herriarengan eragin handiagoa izateko. Zuk landu zein arlotan gertatu zen erlijio katolikoaren bultzada hau.

b. “Italiako arkitektura barrokoa” kapituluan Erroma (Aita santuaren egoitza den hiria, Vatikanoren hiriburua ) erdigunetzat hartu zuen arteaz hitz egiten da. Ondoren, arkitekto eta euren lan batzuen adibidea ematen da. Zuri dagokizu horren inguruan informazio zehatz eta laburra ematea.

c. “Frantziako barrokoa” kapitulua barroko frantsesaren ezaugarriaz hitz egiten da: eraikuntza zibilak (ez soilik erlijiosoak) eraikitzea, jauregiak edo palazioak. Zehazki Versailleseko palazioaz mintzatzen da, zein erregek agindu zuen eraikipena eta zein arkitektok zuzendu zuen eraikipena. Zuk laburtu horren inguruko eta, ondoren Invalides eliza eta Louvre jauregia (gaur egun museoa).

d- “Mugimenduaren eskultura. Bernini” kapituluan bi eskultura motari buruz hitz egiten da: eskultura erlijiosoa eta profanoa. Ondoren, Bernini eskultorez aipamen bat egin ezazu.

e- “Pintura barrokoa. Argia eta kolorea” kapituluan margoen bi elementuei buruz hitz egiten da: batetik, ezaugarri teknikoak eta, bestetik, margoen gaiak. Ondoren, margolari batzuen adibideak aipatzen dira: Caravaggio, Rembrandt eta Van Dyck (flandestarra, gaur egun Belgika). Zuk margolari horien ezaugarriak landu.

No hay comentarios: