2007/11/28

EKONOMIA, GIZARTEA, POLITIKA ETA KULTURA XVI ETA XVII. MENDEETAN

Aro modernoa (XVI eta XVII. m.), hau da, Errenazimentua eta Barrokoa, lantzen ari garela, kontuan hartu zein diren praktika ezegokiak eskemak edo laburpenak egiteko momentuan. Adibidez:

  1. Irakurri ahala eskema egitea. Hobe gaia eta kapituluak behin edo birritan irakurtzea eta ondoren eskema egiten hastea.
  2. Testuaren, edo zatiaren, ideia orokorra egiterakoan, paragrafoaren hasierako bi lerroak kopiatzea ere prozedura okerra da. Hobe testu edo zati osoa irakurtzea eta ondoren ideia orokorra idaztea eta eskema lantzea.
  3. Eta hirugarren arazoa: liburutik lerro osoak kopiatzea eta hori laburpena dela pentsatzea. Ez da laburpena, mosaikoa baizik.

Berriro diot: laburpenak bilaketa bat suposatzen du. Bilaketa horretan gaiaren edo kapituluaren izenburua lagungarri gertatzen da laburpeneko ideia orokorra lantzeko orduan. Beraz, ez dute zentzurik izenburuari kasurik ez egiteak eta testuan bilaketa lanik ez egiteak. Izenburua kontuan hartuta egin bilaketa, eta aldi berean informazioa ezabatu eta aukeratu eskeman egituratzeko.

Orain adibide batzuk ipiniko ditut, gai ezberdinei buruzkoak. Mesedez, kontuan izan ohar hauek zuen eskema eta laburpenak zuzentzeko orduan.


GEHIAGO IRAKURRI... EKONOMIA, GIZARTEA, POLITIKA ETA KULTURA.

XVI ETA XVII. MENDEETAKO KULTURA

1- ERREFORMA ETA KONTRARREFORMA

“Luther eta Erreforma” gelan landu genuen. Beraz, gure argibideak beste hiru kapituluei buruzkoak izango dira.

a. “Dotrina protestantea” kapituluan erreforma protestantearen ezaugarriak planteatzen dira. Kontuan izan, Eliza Katolikoak (Erromako Elizak, Aita Santuaren agintea onartzen duen Eliza Kristaua) Luther eskumikatu egin zuela. Beraz, eta ondorioz, Lutherren jarraitzaileek Erromako Elizatik ihes egin zuten. Erreforma protestantearen ezaugarrien artean hauexek: kristaua fedeagatik salbatzen da (zerua lortzen du), berdin da zein ekintza egin edo ez egin; fedea badu salbatuko da, eta ez badu ez da salbatuko. Beste ezaugarria Jainkoarekiko lotura zuzena da: ikuspegi honengatik, Biblia irakurtzea derrigorrezko ekintza bihurtu zen protestanteen artean; beste ondorio bat: apaizak ez dira fededunaren eta Jainkoaren arteko harremanean beharrezkoak. Zuk landu gainerako ezaugarriak.

b. “Erreformaren zabalkundea. Kalbinismoa eta Anglikanismoa” kapituluan Europan erreforma protestanteak izan zuen arrakastaz hitz egiten du. Europar printze eta erregeek Erromako Elizak zituen ondasunak nahi zituzten eta gutizia horrek erreformaren zabalpenean lagundu zuen. Ondoren bi adibide planteatzen dira testuan: kalbinismoa eta anglikanismoa eta euren jatorriak, eta kokapenak Europan.

c. “Erreforma katoliko eta Kontrarreforma” kapituluan Erromako Elizaren (Eliza Katolikoaren) erantzunaz hitz egiten da. Definitu egiten da zer den Kontrarreforma, eta erreforma katolikoaren ezaugarriak zein izan ziren eta non onartu ziren esaten da (Trentoko Kontzilioa). Ez ahaztu zein urtetan gertatu zen aipatzea. Gainera, kontrarreformaren zabaltzaile nagusiak “jesuitak” izen ziren (Jesusen Konpainia, Loiolako Inazio fundatzailea). Beraz, Europa bi zatitan-edo banandu zen erlijioen arabera. Honek, XVII. mendean, ondorio nabarmen bat izan zuen. Zein?

2- HUMANISMOA ETA AURRERAPEN ZIENTIFIKOAK

a. “Humanismoa eta Errenazimentua” kapituluan kontraste edo kontrajartze bat azaltzen da: batetik, Erdi Aroko kultura eta, bestetik, Aro Modernokoa. Erdi Aroko kulturaren erdigunea teozentrismoa zen (teo = Jainkoa): Jainkoa, erlijioa eta kleroa ziren bizimoduaren ardatzak. Aro Modernoan (Errenazimentuan: XV-XVI. m.) beste kultura-ikuspegi bat sortu zen: antropozentrismoa (antropo = gizakia). Humanismoa ikuspegi horren ondorioa da bere definizioak dioen moduan. Zure lana definizio hori zehaztea da.

Bestalde, humanismoaren eta humanisten ezaugarriak komentatu, eta Errenazimenduan famatu ziren batzuen adibideak eman.

b. “Aurrerapen zientifikoak” kapituluan, humanisten jakiteko eta ezagutzeko gogoak ekarri zuen ondorioaz hitz egiten da: zientzia modernoaren sorrera, metodo zientifikoaren hastapena. Adibide batzuk aipatu: Parazeltso (sendatzeko produktu kimikoak), Vesalio (azterketa anatomikoak) eta Koperniko (teoria heliozentrikoa).

c. “Humanismoaren zabalkundea. Akademia eta inprenta” kapituluan humanismoak izandako babesaz hitz egiten da, eta horrek ondorio bezala ekarri zuena: liburutegiak, unibertsitateak, kultura-zentro berriak. Bestalde, Italia eta Italiako hiri batzuen garrantzia aipatzen da, humanismoaren zabalkunderako (Florentzia eta beste batzuk). Ideia humanisten zabalkundean beste faktore batzuk izan zuten eragina: hezkunzta, herri-hizkuntzetan idaztea eta inprenta asmatzea (Gutenberg, 1450 aldera).

3- IRAULTZA ZIENTIFIKOA ETA TEKNIKOA

a. “Zientzia modernoa. Enpirismoa eta arrazionalismoa” kapitulua mundua azaltzeko jakintza-metodo arrazionalaz mintzatzen da. Gogoratu Gillermo de Baskervillen metodoa: autopsia, esperientzia, behaketa, frogak, dedukzioa… Zentzu horretan, Gillermo enpirikoa da, esperientzia errealean (ez magian edo erlijioan) oinarritzen da. Ondoren aipatu zeintzuk landu zuten eta zer proposatu zuten metodo zientifikoa oinarritzeko.

b. “Iraultza zientifikoa. Zientzien garapena” artikuluan metodo zientifiko edo esperimentalaren garapenak (natur zientziak, fisikak, kimikak…) ekarri zuen ondorioa aipatzen da. Zein izan zen? Ondoren pertsona konkretu batzuk aipatzen dira eta beren lanak. Aipatu eta laburtu euren ekarpenak.

c. “Iraultza teknikoa” kapituluan, XVII. mendeko berrikuntza teknikoak aipatzen dira: mikroskopia, teleskopioa… Zuk tresna bakoitzaren historia eta deskribapena landu.

4- EUROPAKO BARROKOA. ONDARE ARTISTIKOA

a. “Estilo berria agertu” kapitulua Erromako Elizak Erreforma protestantearen aurka antolatu zuen Kontrarreformaren ondorioei buruz mintzatzen da. Eliza Katolikoak artea eta irudi erlijiosoen ekoizpena bultzatu zuen, herriarengan eragin handiagoa izateko. Zuk landu zein arlotan gertatu zen erlijio katolikoaren bultzada hau.

b. “Italiako arkitektura barrokoa” kapituluan Erroma (Aita santuaren egoitza den hiria, Vatikanoren hiriburua ) erdigunetzat hartu zuen arteaz hitz egiten da. Ondoren, arkitekto eta euren lan batzuen adibidea ematen da. Zuri dagokizu horren inguruan informazio zehatz eta laburra ematea.

c. “Frantziako barrokoa” kapitulua barroko frantsesaren ezaugarriaz hitz egiten da: eraikuntza zibilak (ez soilik erlijiosoak) eraikitzea, jauregiak edo palazioak. Zehazki Versailleseko palazioaz mintzatzen da, zein erregek agindu zuen eraikipena eta zein arkitektok zuzendu zuen eraikipena. Zuk laburtu horren inguruko eta, ondoren Invalides eliza eta Louvre jauregia (gaur egun museoa).

d- “Mugimenduaren eskultura. Bernini” kapituluan bi eskultura motari buruz hitz egiten da: eskultura erlijiosoa eta profanoa. Ondoren, Bernini eskultorez aipamen bat egin ezazu.

e- “Pintura barrokoa. Argia eta kolorea” kapituluan margoen bi elementuei buruz hitz egiten da: batetik, ezaugarri teknikoak eta, bestetik, margoen gaiak. Ondoren, margolari batzuen adibideak aipatzen dira: Caravaggio, Rembrandt eta Van Dyck (flandestarra, gaur egun Belgika). Zuk margolari horien ezaugarriak landu.

XVI ETA XVII. MENDEETAKO POLITIKA

1- ESTATU MODERNOAREN SORRERA.

Monarkia autoritarioa landu genuen gelan. Orain lantzeko gelditzen zaizkizun zatiak hauexek dira: “Errege-erregina Katolikoak: batasun dinastikoa eta zabalkundea” eta “Estatu Modernoa ezarri”.

a. “Errege-erregina Katolikoak...” kapitulua: konturatzen bazara, Errege-erregina Katolikoen inguruan informazioa orokorra izaera honetakoa da: lehenbizi, Gaztela eta Aragoiko koroak batu egin ziren. Iberiar Penintsulako beste erreinu edo monarkiak batzeko proiektua izan zuten. Batasunerako pausuak zehaztu behar dituzu zuk. Ondoren, Mediterraneoan (Aragoi) eta Atlantikoan (Gaztela) zabaldu ziren. Begiratu 12. orrialdeko mapa bi prozesu horiek (Penintsulan eta Penintsulatik kanpo) hobe ulertzeko.

b. Hurrengo kapitulua: “Estatu modernoa ezarri”. Testu honek galdera hori erantzun nahi dio: Zein erakunde edo organismo sortu zituzten Errege-erregina Katolikoek, euren aginpide sendotzeko? Erakunde ezberdinak zerrendatzen dira testu honetan, zehazki, monarkiaren botere politikoa, militar, ekonomiko eta erlijiosoa bereganatzeko. Zure lana erakunde edo organismo horiek bereiztea eta laburki zehaztea da. Begiratu 13. orrialdeko hiztegia, azalpenak zehazteko.

2- INPERIO HISPANIKOA

a. “Karlos I.aren politika Espainian” kapituluan, errege honen Espainiara etortzeak zer suposatu zuen eta bere kontseilari atzerritarren (Flandes, gaur egun Holanda-Belgika) erabakiek zein ondorio izan zuten landu behar dituzu. Bi lekutan izandako matxinadak edo erreboltak dira haren ondorioak. Zuk zehaztu. Matxinada horien eraginez, Karlos I.ak erabaki batzuk hartu zituen. Zeintzuk?

b. “Karlos i.aren nazioarteko arazoak” kapitulua: Espainian izandako arazoak (herri matxinadak) konpondu ondoren, nazioartekoak hasi zitzaizkion. Irakurri 16. orrialdeko testu txikia (Protagonistak) eta jakin ahalko duzu bertan zein politika ezarri nahi izan zuen Europan eta munduan. Ondorioz gatazkak sortu edo gatazketan sartu zen. Zuk zerrendatu eta zehaztu arazo edo gatazka horiek.

c. “Felipe II.aren erreinaldia” kapitulua: batez ere Inperioa (Inperio Hispanikoa) matentzeko eta handitzeko nazioartean izan zituen arazoak aipatzen dira. Zuk era zehatzean sailka itzazu zein eta noiz izan ziren arazo edo gatazka horiek.

3- ESPAINIAKO MONARKIA ETA BERE ARAZOAK

Gelan, Inperio Hispanikoaren mugei buruz hitz egin genuen. Inperio konplexua zen. Alde batetik, Espainian bertan, gero nazioarte mailan. Izan ere, kultura, hizkuntza eta legedi ezberdineko lurraldeak kudeatu izan behar baitzituzten espainiar erregeek.

XVII. mendeko erregeak konparatu behar ditugu Karlos I eta Felipe II.arekin. Zentzu horretan, gaitasun gutxiagoko erregeak ziren. Horretxegatik, euren botere absolutua balido edo kontseilari berezien eskutan utzi zuten eta balidoek errege hauen izenean gobernatu zuten.

Arazoen inguruan, batetik, arazo demografikoa: izurriteak, moriskoen kanporaketa, Amerikarako emigrazioa, gerrak; bestetik, arazo ekonomikoak: erregeek eskatutako maileguak edo kredituak pilatu egin ziren eta ezin ordaindurik ibili, Estatua zorretan zegoelako. Nola konpondu? Herri xeheari zergak igoz. Batzutan matxinadak gertatu ziren, protestan. Azkenik, nazioarteko eta barruko gatazkak. Aipatu garrantzitsuenak eta haien zergatiak.

4- ABSOLUTISMOAREN MENDEA

a. “Europako monarkia absolutuak” kapituluan erregetza, monarkia eta estatuaren aginpide edo boterearen handitzeaz hitz egiten da. Ondorioz, Erdi Aroko tradizio politikoa (gorteak, parlamentuak) indargabetu zen. Bestalde, absolutismoaren (autoritarismo absolutua) ezaugarriak aipatzen dira: boterearen jatorria, kokapen geografikoa (zentralizazioa), e. a. Zuri dagokizu zehaztea. Interesgarria absolutismoaren pean nobleziak eta kleroak izan zuten bilakaera.

b. “Frantzia Luis XIV.aren erreinaldian” kapituluan monarkia absolutuen artean ezagunena aipatzen da (Luis XIV.ari Eguzki Erregea deitu zioten), 1589tik aurrera. Aipatzen da, baita ere, zein botere hartu zituen eskutan. Ez da harritzekoa, beraz, errege hark hauxe esatea: Estatua neu naiz. Honez gain, kapituluan beste xehetasun batzuk ematen dira: Gortearen kokapena Parisen eta Frantziaren status edo maila garaiko Europan. Azkenik, europar potentzia hegemonikoa (handiena) bihurtzeko ahaleginean sortu ziren gatazkak gaineratzen dira.

c. “Ingelesen parlamentarismoa” kapituluan Ingalaterran monarkia absolutua ezartzeko gertatu ziren arazoak aipatzen dira. Herrialde honetan, Parlamentuaren boterea handia zuen. Absolutismoaren aldekoak eta parlamentarismoaren aldekoak gatazka batean sartu ziren. Zuk zehaztu zein ziren baten eta besten aldekoak eta zein urtetan gertatu ziren iraultzak. Garrantzitsua da Eskubideen Aldarrikapena eta horrek ekarri zuen sistema politikoa: monarkia parlamentarioa. Zehaztu zer suposatu zuen sistema honek boterearen antolaketan.

d. “Inperio Alemana” kapituluan, Erdi Aroan sortutako Erromatar-Germaniar Inperio Santuaren bilakaeraz hitz egiten da. Inperio honek ez zuen lurralde batasunik izan: lurralde eta printzerri ezberdinek osatzen zuten (batasun bakarra hizkuntza alemana). Begiratu 69. orrialdeko mapa inperio heterogeneoa zer den ulertzeko. Ikusten dituzu puzzle pieza ezberdinak? Egoera nahasi honi katolikoen eta protestanteen arteko istilua gaineratu zitzaion. Zehaztu zuk hau guztia eta ondorioz gertatu zena.

XVI ETA XVII. MENDEETAKO GIZARTEA

1- MUNDU EZAGUNA HEDATZEA

a. “Aurkikuntza handien arrazoiak” gelan landu genuen. Beraz, gure argibideak beste bi kapituluei buruzkoak izango dira.

b. “Portugesen aurkikuntzak” kapituluan portugesen esplorazio eta konkisten inguruan hitz egiten da. Zehazki, portugesen kolonizazio eredua planteatzen da: ez ziren lurraldeetan barrena sartu, kostaldean gelditu ziren eta bertan hiri zaharrak konkistatu eta lantegiak sortu zituzten. Era horretan, Afrikako hegoaldera abiatu ziren. Zuk zehaztu zeinek osatu zuen eta nondik portugesen ibilbidea deitu zena: India eta Txinara iristeko itsasbidea. Bestalde, adierazi zein merkataritza mota egin zuten, nola zein gairekin trafikatu zuten, e. a. (Portugesen ibilbideak Mediterraneoko kabotaje-nabigazioaren teknika gogoratzen du.)

c. “Kristobal Kolon eta Amerikaren aurkikuntza” kapituluan espainiarrek egindako Mendebaldeko ibilbideaz hitz egiten da. Itsasbide atlantiko honi ekiteko arrazoia: Lurraren biribiltasuna uste izatea. Zuri dagokizu zehaztea zergatik den arriskutsuagoa ibilbide hau, portugesenarekin konparatuz. Ondoren, Kolonen proiektua azaldu eta berak egindako bidaiak aipatu.

2- KOLONEN AURREKO KULTURAK

a. “Azteken inperioa” kapituluan non, noiz eta zeintzuk ziren aztekak aipatzen da, eta azteken inguruan ezagutzen ditugun ezaugarri kulturalak: erlijioa (jainko bat baino gehiago), giza sakrifizioak, hizkuntza; ezaugarri sozialak: gizartea, hiriko bizimodua; eta ezaugarri ekonomikoak: nekazaritza (artoa, tabakoa), artisautza eta merkataritza.

b. “Maiak” kapituluan gizatalde honen gizarte mota eta kulturaz hitz egiten da: hiri-estatuak (hiri batek eta bere lurraldeak osatzen duen estatua), noble eta apaizen agintea, herria klanetan antolatua (arbaso bera duten familia zabaletan)… Zuk zehaztu zein kultura eta idazkera mota zuten maiek, eta espainiarrak iritsi ziren zein egoeratan zeuden.

c. “Inken inperioa” kapituluan inperio hau non zehar zabaltzen zen aipatzen da. Interesgarria nola antolatzen zen inperio, bere erkidego edo autonomiekin, eta enperadorearen agintepean kokatzen ziren jauntxoekin. Horretaz aparte, inperioaren ekonomia (nekazaritza –patata– eta abeltzaintza) aipatzen da eta kulturari buruzko ezaugarriak (erlijio politeista, Eguzkia aztekek bezala…).

3- EGUNEROKO BIZIMODUA XV-XVI. MENDEETAN

a. “Hirietako aldaketak” kapituluan Erdi Aroko hiribilduetan egindako erreformaz hitz egiten da. Zentzu horretan, orduko kale estuak zabaldu egin ziren eta plaza handi eta karratuak eraiki. Bestalde, garai honetan eraikuntza zibilak egin ziren, ikastetxeak eta ospitaleak; gizarte talde batzuk, nobleziak eta burgesiak, jauregiak eraiki zituzten. Errenazimentuak (XVI) ohitura aldaketak ere sortu zituen, aurkikuntza geografiko eta zientifikoek eraginda. Jateko ohituretan jaki berrien eragina: txokolatea, tabakoa, , artoa, tomatea, piperra, patata...

b. “Gizonezkoen eta emakumezkoen jantziak” kapituluan Errenazimentuko jantzien ezaugarriak aipatzen dira: koloreak, formak, orrazkerak... Horrez gain, gizarte taldeen jazteko ohiturak adierazten dira, maila ekonomikoaren arabera hartu zirenak.

c. “Janariak” eta “Dibertsioak” kapituluetan maila ekonomikoaren arabera ohikoak ziren elikagaiak agertzen dira, tradiziozkoak eta Ameriketatik etorritakoak. Bigarren kapituluan ospakizun erlijiosoez gain, profanoek ere (ez-erlijiosoak) indar handia hartu zuten. Horien artean antzerkia, gizarte talde guztientzako dibertsiorik arruntenetako bihurtu zen (gaur egungo telebistaren tamainakoa). Antzerki lanetan ohikoak ziren gaiak: maitasuna, zeloak eta ondra (pertsona baten ohorea, ospe ona). Antzezlanen tokia: komedia-barla (“corrala” izeneko antzeztokiak. Begiratu 23. orrialdeko argazkia).

4- EGUNEROKO BIZIMODUA EUROPAN ABSOLUTISMOAN

a. “Hirietako bizimodua” kapituluan orduko (XVII) bizieraren ezaugarri batzuk planteatzen dira. Adibidez, gizarte talde batzuk aipatzen dira: goi-noblezia eta herri xea, eta honen barruan burgesia merkataria eta eskulangileak (artisauak, nekazariak). Horrez gain lanbide batzuen izanak aipatzen dira: zapataginak, arotzak... Zuk landu, adibidez, zertan eragin zuen Europaren eta Amerikaren arteko merkataritzak hirietan. Azkenik, deskribatu nolakoak ziren hiriak eta bizilekuak garai hartan. Eta zein etxeko tresneria zuten eskuragarri.

b. “Landako bizimodua” kapituluan nekazaritzaren eta nekazarien inguruan hitz egiten da, eta zein bizimodu, ekonomia zuten aipatzen da. Jabetza ez zen nekazarien egoera arrunta, bai ordea nobleziaren kasuan, horretan, lur-jabetzan, oinarritzen baitzuen bere boterea. Nekazarien etekinak oso eskasak ziren, eta hortik ordaindu behar zituzten zergak lurjabeari eta hamarrenak Elizari. Otordurako, ogia, barazki batzuk eta ardoa zuten, haien faltan, gosetea.

c. “Espainiako eguneroko bizimodua XVII. mendean” kapituluan mende horretako krisiaz hitz egiten da. Krisia ekonomian, demografian, gizartean eta politikan gertatu zen. Krisi ekonomikoa: hiriko artisautza ahuldu zelako, herri xehearen pobrezia. Demografikoa: higiene eta gaixotasun arazoak (izurriteak: heriotzak). Gizarte krisia: egoera larrian mentalitate aldaketa, giro ezkorra; biztanleriaren egoera txarrean, XVI. mendeko aldartea eta balioak aldatu ziren (nobela pikareskoan adierazten dira gertakizun horiek). Gainera, gizarte taldeen arteko aldeak handitu egin ziren: pobreak gero eta gehiago, aberatsak gero eta gutxiago. Krisi politikoa: Espainiak bere boterea edo hegemonia galdu egin zuen Europan, porrot militarrak...

XVI ETA XVII. MENDEETAKO EKONOMIA

1- AMERIKAREN KONKISTA ETA ANTOLAKETA

a. “Konkistatzaile handiak” kapituluan XVI. mendean espainiarrek egindako esplorazio eta konkistaz hitz egiten da. Gehienak, 1519 eta 1540 urteen artean. Honez gain, bi konkistatzaile nagusi aipatzen dira eta hauek hartutako lurraldeak ere. Zuk zehaztu informazio hau eta aipatu zein beste konkistatzaile famatu ziren jarduera hartan.

b. “Indien antolaketa” kapituluan Espainiako monarkiak Indietan (Ameriketan) egindakoa aipatzen da. Hasi izenaren ezarkuntzarekin eta amaitu organismo edo erakunde ezberdinen antolakuntzekin. Zuri erakunde horiek aipatzea eta euren helburuak zehaztea dagokizu.

c. “Ustiapen ekonomikoa” kapituluan espainiarrek antolatu zuten jarduera ekonomiko nagusiaz hitz egiten da, eta zein lan eredu ezarri zuten Ameriketan. Zuk zehaztu zein jarduera izan zen nagusi eta zer ekoiztu zen. Bestetik, encomienda izeneko sistema landu. Horretarako begiratu 38. orrialdeko hiztegia. Gogoratu, enkomienda delakoak zerikusi handi duela Erdi Aroko basailutzarekin (enkomienda tituludunak nobleak izango balira bezala jarduten zuten eta indiarrak jopuak balira).

2- EKONOMIAKO ETA GIZARTEKO ALDAKETAK

a. “Aldaketa ekonomikoak” kapitulua Europan, XVI. mendean, bilakatu ziren sektore ekonomikoei buruz mintzatzen da. Nekazaritza, merkataritza, artisautza... Aspalditik, nekazaritza zen sektore nagusia eta ekonomiaren zutabea. Baina Mundu Berriaren aurkikuntzak beste sektore batzuk indartu zituen: merkataritza eta artisautza. Zuri hiru sektore horiek zehaztea dagokizu. Eta merkataritzaren inguruan ari zarela, landu Mediterraneoko eta Ozeanoz bestaldeko (Atlantikoa, Indikoa) trukeen ezaugarriak.

b. “Hasierako kapitalismoa” kapituluan Europako ekonomiako garapenaren ondorioaz hitz egiten da, batez ere Europara barra-barra iritsi ziren metalek (urrea, zilarra) eragindakoa. Ekonomiako ondorio horri hasierako kapitalismoa deitzen zaio. Kapitala norbaitek duen diru- edo ondasun-multzoa da. Gure kasuan, metal preziatuen (urre eta zilarraren) pilaketan oinarritzen den aberastasuna da. Gaur egungo sistema kapitalista orduko gertakizun hartan oinarritzen da. Baina nola funtzionatu zuen Europak garai hartan?

Burges bankariek (kapitalen jabeek) merkatariei maileguak (kredituak) eman eta interesak eskatzen zizkieten, era horretan gehiago aberastu zirelarik. Merkatariek itsasoz bestaldeko merkataritzan jarduten zuten, Europako salgaiak Ameriketara edo Asiara eramanez eta hangoak Europara ekarriz. Lortutako diruarekin, mailegua eta bere interesak ordaindu eta etekin bat lortzen zuten. Merkatariak ere aberastu ziren merkataritza mota honetan. Negozio honetan, aspaldiko kreditu eta ordainketa moduak erabili ziren: zor-agiria, ganbio-letra (Erdi Aroa). Azaldu zehatzago zertan ziren modu hauek. Baina beste finantza tresna berri batzuk sortu ziren: sozietate komanditarioak (merkatari talde bat eta bere kapitalak biltzea itsas bidaia baterako) eta Estatuei (Monarkiei) egindako epe luzerako kreditua (normalean gerrak eta ejertzitoak ordaintzeko).

c. Gizarteko aldaketak” kapitulua aurkikuntza geografikoek eta kapitalismoak gizarte feudalean sortutako aldaketaz mintzatzen da. Estamentuek berdinak izaten jarraitu zuten: noblezia, kleroa eta herri xehea (burgesia eta eskulangileak). Garapen ekonomiko honek batez ere hirietan eta burgesian izan zuen eragina. Zehaztu zuk zertan eragin zuen burgesian, baina ez ahaztu gizarte talde honek herri xehea izaten jarraitu zuela. Noblezia maila ekonomiko desberdinetako pertsonek osatzen zuten. Zer egin zuten, ordea, aberats berrien (hiriko burgesen) aurrean? Merkatari bihurtu ziren?

Amaitzeko, zer gertatu zen eskulangileekin, nekazariekin? (Esan beharra dago, kapitalismoaren hasierak elikagaien prezioa garestitzea ekarri zuela (prezioen iraultza), eta gertakizun horrek okertu egin zituen nekazarien eta artisauen bizi-baldintzak.)

3- EKONOMIAREN ALDAKETAK. MERKANTILISMOA

a. “Merkataritzaren garapena” kapituluan garapen horren kausa, arrazoi eta ezaugarri batzuk planteatzen dira. Garapenaren kausen artean: batetik, itsasoko nabigazioa (aldi berean arrazoi ezberdinengatik garatu zelarik: itsasontzi motak, kartografia –Marcator mapa- eta haize zein itsas korronteak hobeto ezagutzea). Bestetik, merkataritzaren garapena (hala ere, XVI mendean arrakasta handiagoa, XVII.ean baino). Hemendik aurrera zuk zehaztu zein ibilbide edo merkataritza mota berriak antolatu ziren eta zein ziren salerosten ziren gaiak.

b. “Kapitalismo komertzialaren sorrera” kapitulua bi ezaugarriri buruz mintzatzen da: batetik, konpainiak eta, bestetik, merkataritzako teknika berriak. Lehenengoaren kasuan, Estatuek zona jakin batzuen monopolioa eman zieten (monopolioa: zona batean merkataritzan jarduteko eskubide esklusiboa). Zuk zehaztu zertan ziren merkataritzarako teknika berriak.

c. “Merkantilismoa. Politika ekonomiko berria” kapituluan XVII. mendeko absolutismo politikoari lotu zitzaion merkantilismo ekonomikoaz hitz egiten da. Ondoren merkantilismoa zer den eta zein helburu zuen zehazten da. Garai hartako sinesmen politiko eta ekonomikoa halakoa zen: monarkiaren eta herrialdearen botere eta indarra aberastasunen pilaketan (metalak, jabetzak, ondasunak) oinarritzen zela uste zen. Zuri dagokizu garatzea Europako estatuek praktikan jarri zituzten ekonomi politikak (bullionismoa eta protekzionismoa –herrialde bateko merkataritza eta artisautza “babestea”-). Bigarren kasu honetan, aipagarria da nabigazio-akta (ingelesen merkataritza ingeles ontziek berek egitea, ingelesen lurraldeetan industriagileak eta merkatariak ingelesak baino ez).

2007/11/20

AURKIKUNTZA HANDIEN ARRAZOIAK


Antolatzaile grafikoak
Azaroaren 19 eta 20an, testuaren laburketa egiteko beste teknika batez hitz egin dugu. Teknika hauek lantzearen helburua bikoitza da: batetik, testu bat irakurri eta bere edukia labur adierazteko gaitasuna da interesatzen zaiguna. Bestetik, ikasteko teknika bat lantzen ari gara, aldi berean.

Asteleheneko lehen orduan (4B) eta gaurko laugarrenean (4A), prozedura hau jarraitu dugu: lan teknika (eta ikas teknika) zertan den azaldu dizuet eta, ondoren, testu bat irakurri eta lantzera jo dugu: XV. mendearen amaieran eta XVI.ean europarrek egindako Aurkikuntza Handiak eta, batez ere, gertakizun honen arrazoiak.

Baina zer behar da antolatzaile grafiko on bat egiteko? Eskema edo mapa kontzeptual egoki bat egiteko?

Testu bat duzu aurrean. Lehenengoz, hitzak eta kontzeptuak ulertu behar dira. Arazorik izatekotan, blogean eskaintzen zaizkizun hiztegi-zerbitzuak erabili edo helbide honetan agertzen direnak: http://www.euskaraz.net/Euskara_Ikasten/Hiztegiak. Taldean ere galde dezakezu... Esanahiak argi eduki ondoren, hauxe da jarraitu behar duzun prozedura:

  • Erabiliko duzun informazioa zehaztu: kontzeptu eta termino nagusiak.
  • Erabaki zein informazio ezabatuko duzun (eta , beraz, zein aukeratuko).
  • Edukiarekin lotutako diseinu egokia aukeratu (antolatzaile grafikoa burutzerakoan).
  • Izenburuaz oinarrizko edukia adierazi (liburukoa aldatu edo aberas dezakezu).
  • Ideien arteko harremanak irudikatu, agertu (geziak, lokailuak diren hitzak).
Eta hauxe da klasean egindako lanaren emaitza:

2007/11/14

ERREFORMA PROTESTANTEA II

SAILA: ARO MODERNOKO KULTURA (XVI eta XVII).

Erreforma protestanteari buruzko testua (liburuko 19. or.) lantzerakoan, horrela jardun dugu gelan: testua lehen aldiz irakurri ostean, ideia orokorra adierazi dugu. Ondorenean, bigarren aldiz irakurri eta bost emaginak erabiliz laburtu dugu.

1- Testuaren ideia orokorra: “XVI. mendeko Erreforma protestantea mugimendu erlijiosoa da, Eliza katolikoa aldatzeko”.

2- Testuaren laburpena "bost emaginak" erabiliz:

  • NON eta NOIZ: Alemanian, XVI. mendea (1517).
  • ZER, DEFINIZIOA: Erreforma, mugimendu erlijiosoa.
  • NOLA, EZAUGARRIAK: Alemanian hasitako mugimendua, Martin Lutherrek bultzatua: 95 tesiak Eliza erreformatzeko. Aita Santuak ez onartu, eskumikatu. Tesien oinarrian: Erdi Aroko tradizio katolikoa: Jainkoarekiko harreman eta Bibliaren irakurketa pertsonalak.
  • ZERTARAKO, HELBURUAK: Tesien helburua, Erromako Eliza edo Mendebaldeko Eliza kristauaren ohiturak aldatu nahi, erreformatu.
  • ZERGATIK, KAUSAK: debozio ahula (ebanjelioaren eredua ez jarraitu), kristauaren salbazioa diru truke, Aita Santuaren ospe txarra, goi eta behe kleroaren ustelkeria: simonia, nikolaismoa, nepotismoa.
ONDORIOAK: Erromako Elizaren batasuna hautsi, europar kristau asko protestantismora aldatu, Mendebaldean bi eliza kristau sortu.
Gaian sakondu nahi baduzu, hemen dituzu bi helbide hauek:

http://eu.wikipedia.org/wiki/Erreforma_Protestante (euskaraz, motza)

http://es.wikipedia.org/wiki/Reforma_Protestante (gaztelaniaz, zehatzagoa)


ERREFORMA PROTESTANTEA

Gaur, asteazkena 14an, laburpenaren berrikuspenari ekin diogu berriro. Gogoratu zer suposatzen duen laburpenak: informazioa ezabatzea eta ordezkatzea. Batetik, testuko informazioa ezabatu eta aukeratu egiten da; bestetik, bildutako ideia nagusiekin testu sintetiko bat berridatzi behar da.

Aurreko astean, eskema erara ezabatu eta aukeratu genuen informazioa. Gaurkoan, "bost emagin" izeneko galdetzaileen bidez egingo dugu testuaren laburpena.


GEHIAGO IRAKURRI...




2007/11/13

ESTATU MODERNOA EDO MONARKIA AUTORITARIOA


SAILA: ARO MODERNOKO POLITIKA (XVI eta XVII).

Joan den astean, ostirala 9an, l
aburpenaren teknika berrikusten hasi ginen. Testua lantzeko teknika izateaz gain, ikasteko teknika ere bada. Beraz, "bi gauza baten prezioan".

Gogoratu zein arazo izan ohi dugun testu ba
t laburtzeko. Zuetako askoren iritzia hauxe da: "testuan dena da garrantzizkoa". Eta sarritan, laburpen bat egin beharrean, tamaina bereko testu bat egiten dugu; edo testua azpimarratu ondoren, esaldi solteak kopiatzen ditugu, "mosaiko" itxurako testu ulergaitzagoak gauzatuz.

Bi arazoak konpontzeko, hau da, testu bat laburtzea eta aldi berean ikastea, lau (4) testu txiki landuko ditugu gelan, sail desberdinetatik aukeratuta: XVI eta XVII. mendeetako EKONOMIA, GIZARTEA, POLITIKA ETA KULTURA.

Aurreko egunean, Aro Modernoko monarkiari buruzko deskribapenaren laburpena landu genuen. Hemen duzue gelan osatu genuen laburpen eskematikoa.

Eta zure ariketa hauxe da: behin testuaren eskema eginez gero, berridatzi testu labur bat kontzeptu edo ideia nagusi hauek ondo egituratuz. Ondoren, liburuko 12. orrialdeko testuarekin konparatu eta zuzendu, eta iruzkin bezala igorri. Ez ahaztu: kopiaketak ez du notarik izango!

2007/11/09

LABURPENA BERRIKUSI II


Laburpen on bat egiteko: bi prozesu


a- informazioa ezabatu: ezabatu eta aukeratu.

b- informazioa ordezkatu: kondentsatu (orokortu, jeneralizatu) eta berridatzi (bakoitzaren ahalmen eta ulermenaren arabera).

Horrela, ideia kopuru mugatura iristen gara. Guretzako ondorioa: errazago memorizatzea, denborarekin gogoratzea.

Gainera, ideia hauek testuaren egitura dira. Era honetan, ez da informazio nagusi eta adierazgarria galtzen.

Memoriaren teknika erabili:

1. Lehen irakurketa egin. Prozesu hau kapituluarekiko hurbilpena da.

2. Irakurri ondoren, ideia orokorra planteatu. Zer (zein ideia) adierazi nahi da testuaren bidez?

3. Bigarren irakurketa: eskema bidez bildu gako-hitzak eta elkarren artean geziz lotu.

Gelako ariketa:

Landuko dugun saila: POLITIKA.
Kapitulua: ESTATU MODERNOAREN SORRERA

LABURPENA: TEKNIKA BERRIKUSI

Zuen lanaren ondoren idatziko dituzuen testuak ez dira soilik blog baterako iruzkinak. Ordea, zuen blogerako sarrerak izango dira: testua eta irudia. Beraz, argitalpenak izango dira blogosferan, irakurgaiak beste ikastetxeetako irakasle eta ikasleentzat, eta gizarte osoarentzat.

Beraz, lan teknika batzuk errepasatuko ditugu helburu horrekin. Lehenengoa: Laburpena, irakurketa-eskema. Hurrengoa, azalpena.

Horrekin batera, argitalpena egiteko, blog bat nola egin eta testuak nola irudiak nola txertatu ikasiko dugu.

GEHIAGO IRAKURRI
...

2007/10/31

ARROSAREN IZENA: iruzkinbidea


Azalpen testua egiteko prozedura bat

Testuaren helburua ez da gaiari buruzko zuen ikuspegia argudiatzea, baizik eta zergatiak eta ondorioak “argitu” eta “ulertaraztea”.

IDAZTEKO LEHEN URRATSA: sarrera

1. Zuen azalpenean “marko historikoa”, garaia, adierazi behar da, eta bere ezaugarri orokorrak eman.

2. Zuen gaiaren xehetasunak “ordenaz” egituratu, sukaldeko errezeta batean bezala. Erabili honelako juntagailuak: jarraian, ondoren…

BIGARREN URRATSA: gaiaren jorratzea

1. “Definizioa” zerbaiten ezaugarri orokorrak biltzen dituen adierazpena da.

2. “Deskribapena”: gaia, pertsonaiak, lekuak deskribatu: gaiaren aurkezpena egin, pertsonaien ezaugarriak eman (euren arteko harremanak), lekuen xehetasunak zehaztu… Erabili honelako juntagailuak: goian, atzean, barruan, inguruan, ondoan, gainean, iparraldean…

3. “Konparaketa, kontrastea”: bi gauzen edo pertsonen berdintasunak edo ezberdintasunak. Juntagailuak: aldi berean, era berean edo ordea, berriz, hala ere, hori ez bezala…

4. “Zerrendatzea”: era bateko edo besteko ezaugarriak dauzkaten pertsonaia, objektu edo ekintzak. Juntagailuak: alde batetik, beste aldetik…

5. “Aipua, aipamena”: filmetik hitzez hitz hartutako testu zati bat. Aipamena komatxoen artean idazten da edo letra etzanean. Gillermo de Baskervillek Adsori erantzun zion bezala, "batzutan, irudipen estatikoaren (sinesmen sakon baten) eta eromen bekatariaren (ekimen hiltzailearen) arteko tartea txikiegia da".

6. “Adibideak”: azalpenaren harian oso egokiak dira adibideak testuari zehaztapena ematen diotelako. Ez erabili beharrezkoa ez denean, testuan adierazten ari zaretena justifikatzeko baizik. Juntagailuak: adibidez, esaterako.

HIRUGARREN URRATSA: arrazoiak, kausak lantzea

1. “Kausa eta ondorioa”: zuen helburua gertakizun batzuen kausak aztertzea da, eta gertakizunek sortu dituzten ondorioak. Juntagailuak: zeren, -lako, bait, dela eta, dela kausa, horregatik...

LAUGARREN URRATSA: izenburua idatzi

2007/10/17

ARROSAREN IZENA: iruzkinak

Sarrera honetan, filmari buruzko zuen iruzkina edo komentarioa aberasteko ohar batzuk aurkituko dituzue. "Arrosaren izena" filma ikusten ari garela, gelako zuen galderak, dudak eta nire ekarpenak bildu, forma eman eta gaur itzultzen dizkizuet. Talde bakoitzari suertatu zaion atalaren izenburupean doazkizue, zuen iruzkinerako iradokizun edo sugerentzia bezala.

Beste aldetik, blog honetako hitzen bat ulertzen ez baduzue edo zuen idazlana burutzeko itzulpenik egin behar baduzue, sakatu hemen, entziklopedian edota hiztegian.

1- PROTAGONISTA NAGUSIAK: Gillermo de Baskerville eta Adso de Melk.
Batetik, Adso de Melk gaztea (nobizioa, apezgaia) Melkeko noblearen semea da. Erdi Aroan eta ondorengo garaietan ere, familia nobleetako semeak jarduera hauetan aritzen ziren: zaharrena lurraren jabetza, beste seme bat militarra eta hirugarren bat apaiza. Gillermo, bestetik, liburuzale amorratua da. Liburuak maite ditu, baina horrez gain
gauzei buruzko bere ikuspegi eta iritzia lantzea maite du.

Gillermo eta Adsoren artekoa maisu-ikasle
harremana da. Zein gai dute hizpide? Zer eta zertan erakusten dio zaharrak gazteari euren elkarrizketetan?

Filmaren hasieran biak abadiara iritsi berriak direnean, Gillermok tresna batzuk utzi ditu logelako mahaian. Baina abadea ongi etorria ematera sartzean, estali egin ditu oihal batez. Zergatik?

2- ABADIA, MONASTERIOA: fraideak (erlijiosoak).
Abadia liburutegi famatu bat gordetzen duen gaztelu edo gotorleku bat da (Erdi Aroan liburu gordailuak izan ziren monasterio asko eta kultur eragile garrantzitsuak bilakatu ziren kristandadean). Filmean, adibidez, erlijio-ordena ezberdinak eta Aita Santuaren ordezkariak biltzera doaz abadian.
Zein ordenakoak, eskekoak ala monakoak, dira abadea eta Gillermo? Guztiek abadia beneditar hau dute helmuga eta bertan egingo den "eztabaida" dute helburu. Zertaz hitz egin behar dute eztabaida horretan? Zeri buruzko eztabaida izango da?

Penitentziagite!
esaten du Salvatore izeneko fraide itsusi eta lepoker batek hizkera xelebre batean. Nonbait dolcinitek oihukatzen zuten hitza omen da. Zein talde mota dira dolzinitak?
Zer predikatu eta egiten zuten? Zeinen aurka egiten zuten?

Hilketen aurrean,
bi ikuspuntu gorpuzten direla ematen du. Batetik, Gillermo eta bestetik, Jorge, abadea eta beste fraide asko. Zein da Gillermoren ikuspegia hilketen aurrean eta zein Jorgerena? Zer esan nahi du Gillermok "erabil dezagun burua" esaldiarekin? Eta zer Jorgek "Apokalipsia" eta "naturaz gaindiko indarra" hitzekin?

  • Oharra: Ez ahaztu Bibliakoa Jainkoaren errebelazio hitza dela, eta beraz (Erdi Aroko) kristauentzat iragan, orain eta etorkizunaren seinaleak eta iragarpenak dakartzan "liburu sakratua" dela. Esaterako, Apokalipsian munduaren akabera narratzen da eta abadian amaiera horren zeinuak eta seinaleak agertu direla uste dute fraideek. Ordea, Gillermok...

3. HERRI XEHEA: protagonista laikoak (ez-erlijiosoak).
Oraindik irudi bakar batean agertu da herri xehea. Non bizi da? Harresiz barruan, kanpoan? Zer dela eta bildu da jende bat abadia kokatuta dagoen mendipera, zabor bilketan?

Gaztelu itxurako abadiako "portaloian" ilaran biltzen den jendea zer egiten ari da? Zertara dator daramatzan elikagaiekin? Zer zor zion jopuak nobleari edo Elizari gizarte feudalean? Nola deitzen ziren ordaindu beharreko horiek? Zein harreman mota zegoen Abadiaren eta herri xehearen artean? (Zein harreman da ohikoa gizarte honetan?)

4- ABADIA, LIBURUTEGIA.
Arestian aipatu bezala, fraide ordenak eta Aita Santuaren ordezkariak bildu behar dira
abadian. Guztiek abadia beneditar hau dute helmuga eta abadeak aipatu duen "eztabaida" da helburu. Zertaz hitz egin behar dute bertan? Zein gai da hizpide?

Gillermo eta Adso abadiako elizan sartzerakoan, Ubertino fraidea aurkitzen dute lurrean, luze-luze etzanda, amabirginaren irudiaren azpian. Zer deritzozu sinesmena adierazteko jarrera mota horri?

5- INKISIZIOA ETA EPAIKETA.
Gillermo eta Adso abadiara iristen direnetik bertatik, inkisizioaren aipamena entzuten da etengabe. Hilketek jarraitzen badute, abadearen ustez inkisizioak argitu beharko ditu gertakizun horiek. Zein zen Erdi Aroan inkisizioaren zeregina?

Filmean ikusten ari garen bezala, bi gertakizun hauek lotzen ari dira: batetik, hilketak eta bestetik, fraide eta apaizen bilkura, eztabaida. Inkisizioaren parte hartzeak, zein jarrera lagunduko du? Metodo arrazionala eta argudiatzea ala metodo irrazionala eta tradizioa? Zein pertsonaia daude lehenengoaren eta zein bigarrenaren alde?

Bernardo Gui deskribatu, bere lana, papera...

6- KULTURAK, MENTALITATEAK, IKUSPEGIAK, METODOAK.
Liburu kopiatzaileek lanean jarduten duten gelan, eztabaida bat sortzen da fraide batzuk barrezka ari direlako. Zergatik sortu da Gillermoren eta Jorgeren arteko norgehiagoka, zein ikuspegi kontrajartzen dituzte, eta zein argudio?

Jangelan, bazkaltzen ari diren bitartean, fraide bat latinez dagoen liburu bat ari da ozen irakurtzen. Eta hauxe dio: "ezagutzak sufrimendua sortzen du". Konforme al zaudete ideia horrekin? Beste une batean, Adso elizaren atarian suertatzen da, eta bertan ikara sortzen duten harrizko aurpegiak ikusten ditu. Bi gertakizun horiek kontuan hartuta, zuen ustez bizitzari eta ezagutzari aurre egiteko zein ikuspegi edo pentsaera nagusitzen da abadian? Era horretan pentsatzen al du Gillermok? Zein ikuspegi dauka Gillermok ezagutzari buruz?

Ikusi dugunez, Gillermok ikaragarri maite ditu liburuak, baina horren gainetik gauzei buruzko "bere begirada" lantzea maite du. Fraide alkimista bezala, Baskervillekoa esperientzian oinarritzen da. Ez dio beldurrik ezagutzeari. Horrela, liburuak (eta Biblia liburu bat da) ez ditu hitzez hitz bereganatzen, interpretatu eta aztertu egiten ditu, natura eta giza fenomenoak bere adimenaz begiratzen dituen bezala. Liburuak, hitzak, ez dira mundua bera, beronen islak baizik. Gizakien interpretazio ezberdinak, zuzenak batzuk, okerrak bestetzuk, betiere hausnartzekoak. Gure adimenari eskaintzen zaizkion munduaren islak, zeinuak, hitzak, iritziak. Jorgek, ordea, Biblia ezkeroztik ez du ezagutza bilaka daitekeenik ikusten edo onartzen ("abadiako liburuak zaintzeko dira, ez ikertzeko"). Bibliak, Jainkoaren hitza den neurrian, munduan DEN DENA du berean, eta errealitatean ikus daitezkeen fenomenoak, zeinuak (abadiako hilketak) haren bidez ezagutzea beste biderik ez dago. "Pentsaeran ez dago aurrerakuntzarik..."

Filmean, Aristotelesen "Poetika" liburuko kapitulu bat edo, "Komediari" buruzkoa omen da. Barre eta ezagutzari buruz lehia bat gertatzen da abadian, ikuspegi kontrajarriak. Ea iristen zareten eztabaida hori itxuratzera! Zer adierazten du orriak arsenikoz pozoinduta egoteak eta irakurtzeak akaatzea?

2007/10/15

ARROSAREN IZENA

Egia zientifiko bat ez da aurkariak konbentzituz ezartzen, baizik eta aurkari horiek desagertuz joaten direlako eta egia berri horretan trebatutako belaunaldi berri batek ordezkatzen dituelako. (Max Planck, Nobel saria jaso zuen egunean, 1919)

Erdi Aroko gertakizun batzuk berrikusi ostean (gurutzadak, hazkunde demografikoa, gatazkak eta amaierako krisia), hainbat ezaugarri sailka dezakegu. Baina horietan nabarmenena gatazka egoera da. Hazkunde garaian zein krisian, Erdi Aroan gatazka molde batzuk gauzatu ziren. Esaterako:
  • Aita Santu, errege eta enperadorearen artean izandakoak,
  • Eliza eta monarkien (erreinuen) artekoak,
  • Elizaren barruan emandakoak,
  • Inkisizioaren eta heretikoen artean eta
  • Noblezia, errege eta hirien artean.
El nombre de la Rosa (Jean-Jacques Annaud, 1986) filmeko narrazioa ere gatazka batzuen inguruan antolatzen da. Kontatzen diren gertakizunak XIV. mendean kokatzen dira (1327. urtean), Alpeetako beneditar abadia batean. Esan bezala, filmeko ardatz nagusia lehia, istilu eta eztabaidak dira. Gure lana hauxe izango da:
  • batetik, filmean borroka eta gatazka ezberdinak zehaztea,
  • bestetik, elkarren aurka dauden indarrak (pertsonak, taldeak) edo poloak identifikatzea eta
  • hirugarrenik, kontrajartzeen arrazoiak antzematea.